Pequeña Velocidad Memoria Demokratikoaren gune izendatzeko eskaera, Gasteiz eta Madrilera
Irungo trenbide eremuan dagoen eraikina babes dadila eskatu du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak.
Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan taldeak urrats sendoa egin zuen atzo. Irungo Adifen geltoki berriaren harira (Via Irun izeneko egitasmoaren barrukoa da) Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek hirira egindako bisita baliatu, eta Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua Memoria Demokratikoaren Gune izendatzeko eskaera eman zieten elkarteko kideek Raquel Sanchez Espainiako Gobernuko Garraio ministroari, eta Iñaki Arriola Garraio sailburuari. Geltoki berri hori egiteko egitasmoaren arabera, eraiste arriskuan legoke Irungo trenbide eremuan dagoen eraikina.
Kepa Ordokikoek arduradun politiko horiei emandako idazkian jasota dago Pequeña Velocidad 1936 eta 1942 urteen artean “pertsona askoren ibilbide errepresiboaren abiapuntu” izan zela: Maëlle Maugendre historialariak jasota du 1938ko maiatza eta 1939ko otsaila artean 98.000 pertsonak igaro zutela Etorbidearen zubia, eta horietatik gehienek bukatu zutela Pequeña Velocidad-en, “bereziki Kataluniako retirada-ren ondoren”. Esparrutik pasatako pertsona gehienak Espainiako Estatuko beste kontzentrazio esparru batzuetara bideratu zituzten ondorenean.
Kepa Ordokik Memoria Demokratikoaren legea aplikatzea eskatu du. “Ezinbestekotzat jotzen dugu 20/2022 legearen 50. Artikulua aplikatzea, Pequeña Velocidad Oroimen Demokratikoaren gune izendatu, eta legeak aurreikusten dituen babes neurriak aplika daitezen. Afera Ministroen Kontseilura zein Gobernu Kontseilura eramatea eskatu diegu Sanchez eta Arriolari”, adierazi du Peli Lekuona elkarteko idazkariak.
Kepa Ordokik gaia Irungo urriko udalbatzarrera eraman zuen. Han, “aldeko jarrerak, hitz politak eta isilune harrigarriak” izan zirela adierazi dute. Esparruan izan ziren presoen “duintasunaren aurkako” erasotzat jo dute Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruaren eraisketa.