Irungo Sozialistek eta Uxoak jostailuak bilduko dituzte
Herriaren Etxean jasoko dituzte jostailuak, hilaren 12tik 16ra, arratsaldez. Beharra duten familiei emango dizkiete.
Irungo Sozialistak eragileak eta Uxoa Elkarteak jostailu bilketa egingo dute hilaren 12tik (astelehena) 16ra. Irungo Herriaren Etxean eman ditzakete jostailuak hala nahi dutenek, 17:00etatik 19:30era. Irungo Sozialistak-en Antolaketa Idazkari Migel Angel Paezek zehaztu du bildutako jostailuak beharra duten Irungo familiei emango dizkietela.
Jaso nahi dituztenak jostailu berriak direla adierazi du Paezek. Baina baldintzak jarri dituzte: ez dira ez belikoak ez eta sexistak izan behar, eta ahal den heinean, hezitzaileak eta kooperatiboak izan behar dute. “Ahalik eta jostailu gehien bildu nahi ditugu, ondoren baliabide ekonomiko urria duten Irungo familiei emateko”, esan du Paezek.
Uxoako presidente Maricruz Martinezek nabarmendu du elkarte horretako bazkide gehienek seme-alabak edo bilobak dituztela, eta horregatik haiei deia egin die elkartasun keinua egin dezaten, “data bereziak iristear dira, eta aurrera egiteko zailtasunak dituzten familiek zail dute jostailuen gastuari aurre egitea”.