Raquel Sanchez ministroak Via Irun proiektua ezagutu du
Via Irun proiektuaren hainbat xehetasun ezagutzeko eta beste hainbeste aurrerapen egiteko izan da gaur goizean Irunen.
Gaur goizean zehar, Espainiako Gobernuko Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako ministro Raquel Sanchezek Irun bisitatu du, Via Irun proiektuaren berri izan eta aurrerapenak egiteko. Ekitaldian berarekin egon dira Jose Antonio Santano Irungo alkate, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua.
Lehenengo eta behin udalean egon dira gainontzeko udal taldeen ordezkariekin batera. Bertan, alkateak proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkio ministroari. Ondoren, tren geltokiaren inguruetara bertaratu dira, eta ministroak poza adierazi du Irun ezagutu ahal izanagatik: “proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izateagatik eta proiektuak azkenean aurrera egingo duela ikusteagatik; izan ere, ahalik eta lasterren hasi ahal izateko moduan esleituko ditugu lanak, urte bukaera aurretik. Gainera, hiri proiektu bat ospatzen ari gara, intermodalitateari eta trena hobetzeari dagokionez ez ezik, baita trenbideak hirian integratzeari dagokionez ere” azaldu du Sanchezek.
Lanak esleitzen direnean, enpresa arduradunak bi urte eta erdiko epea izango du lanak burutzeko. Santanok Via Irunena hiriaren historiako inbertsio handiena dela oroitarazi du: 70 milioi euro bideratuko dituzte orotara, nazioarteko geltokiaren azpiegitura behar guztiak sortzeko. Izan ere, geltoki berriak 76.400 metro karratukoa azalera izango du, eta bertan plazak, etxebizitzak, nahiz parkeak eraikiko dituzte.
Igarobide berria
Trenbideak “hirian integratzeak” zer esan nahi duen galdeginda, ADIF, Eusko Jaurlaritza eta Irungo Udalak sinatutako proiektuak azaltzen ditu gakoak. Geltokia eta hiriko hainbat eremu lotzeko oinezkoen igarobide bat sortuko dute, zortzi milioi euro inbertituta. Hala, terminal berriaren iparraldeko zabaltza berria eta egungo eremua lotuko ditu pasarela berriak.