Abenduaren 17an ospatuko da Gabonetako Krosa
Arratsaldeko 15:30ean haurren lasterketak abiatuko dira, eta lasterketa nagusia 16:45ean hasiko da. Nagusirako izen emateak, Kirolprobak webgunean.
Gaur goizean aurkeztu dute Bidasoa Atletiko Taldeak eta Irungo Udalak VIII. Gabonetako Krosa. Hilaren 17an, larunbatean, egingo dute, arratsaldeko 15:30etik aurrera.
Arratsaldea haurren lasterketarekin hasiko da. Kategoriaka abiatuko dira erdigunetik eta Kolon pasealekuan eta Luis Marianon barrena arituko dira korrika. Duela astebete agortu ziren haurren lasterketako dortsalak, 600 banatu dira orotara. Lasterketa nagusia 16:45ean abiatuko da. Bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek, erdiguneko kale nagusienetatik barrena. Ez du aparteko zailtasunik, eta urtea kirola eginez agurtu nahi duenak aukera du Kirolprobak webgunean izena emateko.
Borja Olazabal Kirol zinegotziak aurtengo giroa aparta izango dela ziurtatu du; artean, Zabaltza plazako izotz pistak eta Luis Marianoko Eguberritako azokak parte hartzaileentzat giroa berotuko baitute.