[Erreportajea] Psilocybenea aretoan musikaz, lohiz eta izerdiz blai
Gaur hasiko da Mishiko Fes, Psilocybe Musika elkarteak eta Fenomena Kultur Elkarteak elkarlanean, udalaren laguntzarekin, sortutako festibala. Sona handiko taldeak izango dira bertan.

Pandemian bizitako une gogorren ondoren, bi eguneko ekitaldi bat egitea apustu bat izan da Psilocybe Musika elkarteko kideentzat, Mishiko Fes. Gaur eta etzi artean egingo dute Psilocybenean. «Etxeko ekitaldiak eta ekitaldi txikiak gailentzen ari diren honetan» festibal «inportante» bat osatu nahi izan dute urtea indartsu bukatzeko.
Guztia, ordea, modu informalean hasi zen. «Gasteizen Azkena Rock Festibala egiten badute, guk egingo dugu Mishikua», esan zuten kideek. Mishikua hitzak soinu aldetik txinatar hitza zirudienez, halako itxura eman diote kartelari: hitz txinatarrak, herensugeak eta sua non-nahi. Kartelak, gainera, festibalaren esentzia islatzen duela baieztatu du Nestor Urangak, Psilocybe Musika Elkarteko kideak.
Indartsu hasiko da, gaur, jaialdia. «Oso gogotsu gaude, eta uste dut larunbatera [bihar] zonbiak bezala iritsiko garela denak, baina buelta eman beharko diogu nolabait». Euskal Herriko bi talde daude kartelean: Víctimas Club (gaur) eta Feline (bihar); eta Espainiako Estatuko beste bi: Parquesvr (gaur) eta Biznaga (bihar). Bi egunetarako sarrera bakarra beharko da, 20 euroko bonua. Era horretara kanpotik etorritako taldeek bai, baina bertakoek ere baldintza onak izatea ahalbidetu dute, eta hori bereziki garrantzitsua izan da antolatzaileentzat.
Mishiko Fes Psilocybe Musika Elkarteak, Fenomena Kultur Elkartearekin elkarlanean antolaturiko festibala da: «Fenomenak antzeko zerbait egin nahi zuen, eta denon artean saretzea beharrezkoa iruditzen zaigu, herria pixka bat mugitzeko». Elkarlan horrez gain, Nora Ferreira hondarribiarra ere (Viv Vintage) DJ lanetan arituko da bihar. Gaur, 21:00etan zabalduko dute leihatila. Bihar, berriz, Ferreira 20:00etatik aurrera arituko da gune arroxa eta beltza girotzen. Kontzertuak 22:00etan hasiko dira ostiral zein larunbatean.
Musika, herrian eragiteko
Aisiarako aukera, eta era berean, lanabes bat bezala definitu du musika Urangak: «Aisiaren bitartez herrian eragiten saiatzen gara, jai giroan. Baina guretzat hautu ideologikoa da egiten duguna, autogestioan aritzen garelako gehienbat. Musika gero eta alternatiboagoa da, eta zure burua ondo ezagutzea eskatzen du horrek guztiak».