Hamalau erakusleiho izango ditu aurtengo Jaiotzen ibilbideak
Gaurtik urtarrilaren 8ra arte egongo dira Gipuzkoako Belenisten elkarteak osatutako jaiotzak erakuslehioetan. Ttopara Kultur elkarteak sortutako ekimenaren hirugarren edizioa da.
Ttopara Kultur elkarteak, Gipuzkoako Belenisten elkartearekin eta udalaren laguntzarekin antolatu du beste urte batez Jaiotzen ibilbidea. Gaurtik urtarrilaren 8ra bitarte ekimenarekin bat egin duten 14 elkarte, denda eta elizetan egongo dira ikusgai urte osoko lanaren ondoren Belenistek mimo askoz prestatu dituzten jaiotzak.
Honako lekuetan izarriko dituzte erakustokiak: Betharran (Eliza), HEME Shop, Menina, Parrokia, Paradorea, Arma Plaza Zentroa, Leiza, Pascua, Nola, Malentxo, Mar, Papykop, Alzaga eta Federopticos.
Aurten Jaiotzen ibilbidea antolatzen duten hirugarren urtea da eta elkartetik poztasuna adierazi dute. “Jaiotzek berez duten konnotazio erlijiosoaz haratago, duten balio kulturala, historikoa eta artistikoa nabarmendu nahi dugu” adierazi du Jose Mari Sanzek Ttopara Kultur Elkarteko presidenteak. Belenisten elkarteari egindako lanarengatik, Paradoreari, Parrokiari bai eta udalari ere eskerrak eman dizkie gero.
Urtarrilaren 7an hasten dira Belenisten elkarteko kideak hurrengo urteko piezak prestatzen. Urtero erakustoki ezberdinak egiten dituzte, nahiz eta zenbait berrerabili ditzaketen, gehiengoa berria izaten da. Hori dela eta, lan handia izaten dute pieza guztiak eskuz egiten baitituzte. Teilatua egiteko adibidez, bi era daude: Batetik teila bakoitza kartulinaz banan banan moztu, busti eta lehortu egiten dituzte. Ondoren harri hautsarekin margotu eta zahar itxura ematen diote. Bestetik, poliespan materialarekin eta teila itxuradun erregailu batekin, banan banan teila forma ematen diote. Azken aldian gainera, gero eta lan gehiago dutela somatu dute Belenisten elkarteko kideek.
Hondarribiko Jaiotzen ibilbideko erakustokirik handiena Paradorean dago, eta horri berebiziko garrantzia eman dio Susana de Rubia Paradoreko zuzendariak: “kanpokoak diren bezero asko ditugu eta sartu eta berehala Gipuzkoako errealitatea irudikatzen duen jaiotza ikusten dute. Baserriak, baserritarrak… Hemengo errealitatea eta kultura ezagutzeko balio du. Gainera, jaiotza ikusterakoan askotan galdetzen digute, ‘gehiago daude?’ Eta era honetan herria beste era batera ikusten dute.”