Euskaraldiaren mintzodromoa, arrakastatsua
100 pertsonatik gora elkartu ziren Hendaian Euskaraldiaren esparruan antolatu zen mintzodromoan euskaraz aritzeko.
Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, Euskaraldiaren esparruan antolatutako mintzodromoa arrakastatsua izan dela azaldu dute. Mintzodromo hori atzo egin zen Hendaiako Les Halles aretoan ‘Bidasoan biz(h)itza. Euskararen korronteak busti zaitzala’ lelopean, eta 110 lagun elkartu ziren guztira. Bidasoaz, turismoaz, ekonomiaz, gizarteaz edota kirolaz mintzatu ziren bertaratu zirenek.
Dinamizazio talde batek hartu zuen parte atzoko topaketan, lau eta sei pertsona arteko taldeak gidatzeko eta mahaien arteko trukeak eta elkarrizketak erraz egin ahal izateko. Testigantza gisa, Txema Olazabal kirolariaren euskarazko bideo bat eta Nerea Arriolaren bakarrizketak proiektatu zituzten.
Jardunaldia bukatzeko, Irun eta Hondarribira itzuli aurretik, kafe bat eskaini zitzaien parte hartzaileei. Bertan euskaraz hitz egiten jarraitzeko aukera izan zuten, giro lasaiago batean.