[Elkarrizketa] "Mundu osoko emakumeak mugiarazita, gure zaintza beharrengatik"
‘Atsolorrak’ proiektua ondu du Parean elkarteak. Amatasuna ikuspegi feministatik ikertu dute, eta horien emaitzak, azaro hasieran Emaginek antolatutako ‘Amatasunak ikuspegi feministatik’ jardunaldietan eman zituzten.

Zein leku du amatasunak feminismoan?
Iaz proiektua abiatu genuenean pentsatzen genuen ez zeukala behar zuen lekua. Gai polemikoa zela uste izan dugu, eta feminismoak ez ziola bere horretan heldu. Saiakera horretan, ekarpentxo bat egin nahian, Parean elkarteak egin du Atsolorrak deitutako proiektu hau. Horren bidez inkesta bat egin dugu, 150 lagunek erantzun dute, eta bertatik ateratako ondorioekin ikerketa bat egin dugu. Emakumeek diotenaren arabera, nahiz eta erdibitua dagoen iritzia, %57,8k uste du amatasunaren gaia ez dagoela feminismoaren diskurtsoan behar bezala txertatua.
Ama izan edo libre izatearen dikotomia planteatzen dela diozue. Ama izateak bizitzako zenbait gauzari uko egitea dakarrela esan zuen %73,7ak. Asko da. Nola iraultzen da hori?
Hori da galdera potoloa. Guk ikusten genuena zen lehenik eta behin aletu egin beharko zela zergatik bizi dugun zama bezala edo zergatik egungo ereduan suposatzen digun horrenbeste emakumeei. Horregatik kontziliazioaz ere hitz egiten dugu, nola bizi dugun hori. Iraultzeko lehenbizi jakin behar da zein arrazoi dauden horren atzean.
Erreprodukzio teknikak areagotu direla diozue, eta horrek amatasuna pribilegio bilakatzen duela. Zer dela eta?
Egungo gizartea interes merkantilistek gidatzen dute, eta interes merkantilista horiek bizitzaren kontrakoak dira. Bizitzaren erritmoaren kontrakoak. Azken finean, ama izatea erabakitzen dutenak, batzuk ama ez izatea erabakitzen duten bezala, askotan ez dute erabakitzen ama izatea nahi dutenean, baizik eta ahal dutenean. Gazteek pairatzen duten prekarietatea eta etxebizitza lortzeko zailtasunek atzeratu egiten dute amatasunaren hautu hori, eta atzeratzearekin batera askotan zailtasunak daude.
Ez da asko hitz egiten horietaz guztietaz. Amatasuna inguratzen duten gai asko tabuak dira, esaterako, ezintasunak, heriotzak, abortuak… Hori guztia ezkutuan gelditzen da, eta ikusten dugu atzerapen horrek pribilegio bihurtzen duela. Izan ere, oso garestia da gaur egun ama izatea, bereziki medikuntza pribatura jo behar dutelako ama izateko emakume horiek.
Amatasun ereduak ere jorratu dituzue. Patriarkala, neoliberala edo atxikimenduzko haziera mahaigaineratu dituzue. Zein dira hiru ereduen diferentziak?
Patriarkala da emakumeak etxean kokatzen gaituena. Ama zarenean zaintzari eman behar diozu lehentasuna, eta lan mundutik etxerako salto hori exijitzen dizu.
Bestetik, neoliberala dago. Lanbidearekin jarraitzea litzateke, eta horrenbestez, zure lanpostua mantentzen saiatzea. Edota zure lan ibilbidean aurrera egiten saiatzea. Etxeak, amatasunak edo senitartekoen zaintzak dakarren zama hori guztia motxilan sartu, eta malabarismo ezinezko batean sartzen zaitu eredu honek.
Gaur egun atxikimenduzko hasiera modan jarri da, batez ere ezkerreko ikuspegitik. Egia da oso diskurtso interesgarria dela, eta ekarpen asko planteatzen dituela. Adibidez, zaintza erdigunean jartzearena, umeak behar dituen denborak errespetatzearena, ez ibiltzearena eredu neoliberalak markatzen dituen erritmoen baitan… Bakoitzak bere alde on eta txarrekin ikusten duguna da hiru ereduak oso zurrunak direla beraien artean. Normalean ezin duzu hautatu eredu baten alde, zure baldintza sozio-ekonomikoek asko baldintzatzen dutelako zein amatasun eredu hautatu, baina hiruretan ez dago alternatibarik zaintzaren gainean. Zaintzaren zama guztia emakumeengan jartzen da, eta ezinezkoa da motxila hori ere guk geuk bakarrik eramatea.
Zaintzaren kate globala ere ondorioetan agertu da. Zer den azaltzerik bai?
Nola antolatzen gara zaintza antolatzerako orduan? Gaur egun lehenengo aukera, elkarrizketa egin duten emakumeen artean, familia biologikotik tiratzea da. Umea gaixotzen denean, aiton-amonekin uzten dugu, baita gaixorik ez denean ere. Askotan bideratzen ditugu haurrak haiengana. Egia da geroz eta familia urriagoak direla, geroz eta zaintzaile gutxiago ditugula, eta zaintza azpikontratatu egiten dela. Ezin dugulako aurrera egin. Azpikontratatzen denean izaten da merke, eta normalean emakume etorkinek egiten dute lan hori.
Emakume etorkinak Euskal Herrira, Espainiako Estatura edo Europara etortzen dira zaintza lan horiek egiteko, eta askotan ezin dituzte ekarri haien seme-alabak. Seguru beraien seme-alabak munduaren beste puntan beste emakume batek zaintzen dituela. Horregatik esaten dugu zaintzaren kate globala. Mundu osoko emakumeak mugiarazten ditugu gure zaintza beharrak asetzeko.
Emaginek antolatutako Amatasunak feminismotik jardunaldietan egon zarete.
Oso ongi joan zen. Amatasunaren inguruan hitz egiten egon ginen, ikuspegi oso desberdinetatik. Gogoa eta plaza badago, eta abiapuntua markatu zuten. Hasiera besterik ez da izan.