Eguberrietan bertako merkatarien zein artisauen lanak kalera
Abenduaren 16tik 23ra bitarte Eguberrietako merkatarien azoka zabalduko dute Arrantzale auzoan. Merkatuaz gain, hainbat ekintza prestatu dituzte.
Abenduan sartu gara dagoeneko, hortaz, Eguberriak gero eta gertuago daude. Aurten ere jarduera zaparrada prestatu dute Hondarribian gozatu, eta ondo pasatzeko: Hondarribiko Udalak, herriko merkatari zein artisauekin elkarlanean, Eguberrietako merkatua eta haur zein helduentzako jarduerak prestatu ditu.
Hainbat kokaleku izan ditu merkatuak urteetan zehar, hala nola, Itsas Etxea Auditoriuma, Santa Maria Madalena plaza edo Jostaldi pilotalekua, baina aurten Arrantzale auzoan kokatuko da. Orotara egurrezko zortzi postu ezarriko dituzte: “asmoa da beste herrialdetan egiten diren eguberrietako merkatuek bezala itxura polita eta goxoa izatea” azaldu du ilusioz Maria Serrano udal ordezkariak. Bertako merkatariez gain, herriko hainbat artisauek ere parte hartuko dute.
Abenduaren 16an zabalduko dute merkatua eta astebeteko iraupena izango du, 23ra arte. Asteburuan gainera hainbat jarduera egingo dituzte, heldu zein gaztetxoentzako: Txikitxoko, arte margolanak eta jolas librerako minimunduak; mahai jolasak, jolas dinamikoak, zapi-zapia edo semaforoa bezalako jolasekin; eta Txokolate tailerra (Abenduaren 18an izango da eta bi txanda egingo dituzte: lehena 17:00etatik 18:00etara eta bigarrena 18:00etatik 19:00etara. Familia guztiarentzat izango da).
Azken urteetan bezala, aurten ere jendea Hondarribian gelditzea da udalaren helburua: “herriaz disfrutatzeko eta herrian erosteko, ze badakigu eguberriak oso garai garrantzitsuak direla kontsumorako”.
Aipatutako ekintzez gain, kultur jarduera ugari antolatuko dituzte ere. Horiek aurrerako aurkeztuko dituzte.
Eguberrietako ekintzak
Abenduaren 26tik urtarrilaren 3ra bitarte ere hainbat ekintza antolatu dituzte, bertako artisau eta merkatariekin.
Hilaren 26an: Eguberrietako girlanda egiteko tailerra Maio Studioren eskutik. Itsas Etxea Auditoriumean, 5-11 urte bitarte, 11:00etatik 12:30era.
Hilaren 27an: Gabonetako platerak tailerra Arraunlari berriren eskutik. Itsas Etxea Elkartean, helduentzako zuzentutako tailerra, 18:30etik 20:00etara.
Hilaren 28an: Gabonetako koroa. Endanean 11:00etatik 12:30era; eta Gabonetako gailetak egiteko tailerra Garuaren eskutik. Garuan, 5-11 urte bitarteko gaztetxoentzat, 16:30etik 18:00etara.
Hilaren 29an: Ilustrazioa eta estanpazioa Julia Lasaren eskutik. Itsas Etxea Auditoriumean, helduentzako tailerra, 11:30etik 13:00etara; eta Errege erroskoa egiteko tailerra Garuaren eskutik. Garuan, helduentzako tailerra, 16:30etik 18:00etara.
Hilaren 30an: Egur bola tailerra Maio Studioren eskutik. Itsas Etxea Auditoriumean, 5-11 urte bitarteko gaztetxoentzat, 11:00etatik 12:00etara; eta Collage tailerra Axalianen eskutik. Axalianen, helduentzako tailerra, 18:30etik 20:00etara.
Urtarrilaren 3an: Gabonetako pertsonahiak tailerra Maio Studioren eskutik. Itsas Etxea Auditoriumean, 5-11 urte bitarteko gaztetxoentzat, 11:00etatik 12:30era; eta Ponpoiekin egindako koroa Maio Studioren eskutik. Itsas Etxea Auditoriumean, 5-11 urte bitarteko gaztetxoentzat, 11:00etatik 12:30era.