Aitor Zulaika entrenatzaile kargutik kendu du Real Unionek
Ligan daramaten bolada txarrak txuribeltzen prestatzailea kondenatu du, Real Union jaitsiera postuetan baitago txapelketan.
Real Unionek jakinarazi du Aitor Zulaikak ez duela lehen taldeko entrenatzaile karguan jarraituko. Joseba Agirrek ere ez du bigarren prestatzaile izaten jarraituko.
Gaur eten da, hortaz, Zulaikaren bigarren etapa Real Unionen, 2020ko uztailean hasi zena. Momentu honetan, Lehen Maila EEFF-ko [iraganeko 2.B Maila] bigarren multzoko sailkapeneko hemezortzigarren postuan dira txuribeltzak, jaitsiera postuetan, hamahiru puntu lortu dituztelarik hamahiru jardunaldietan. Salbazioko postuak bi puntura dituzte soilik, liga oso berdindua baitago, baina emaitza txarrek Zulaika kondenatu dute.
Aurtengo denboraldian, baina, Federazioko Kopan finalerdietaraino iritsi dira irundarrak; eta Espainiako Kopan Lehen Mailako Cadiz kanporatu zuten lehen kanporaketan. Kopako hurrengo partida hilaren 20an jokatuko dute, Lehen Mailako Mallorcaren aurka, Stadium Galen.
Real Unioneko Administrazio Kontseiluak Aitor Zulaikak egindako lan eskerga eskertu nahi izan du, eta datozen erronka profesionaletan zorterik onena opa dio. Zulaikak ere honako hitzekin eman nahi izan du azken agurra: “Joan gaitezen poliki poliki. Aupa Union, redios, eta Xalbadorrek esan zuen bezala, maite zaituzten oraindik”.