Abotsanitz: "EAJk aurkeztutako aurrekontuek nekez erantzungo die herritarren beharrei"
Ostegun honetan bozkatuko dira 2023 urterako Aurrekontuak udaletxean. Abotsanitzek 38 zuzenketa proposatu ditu, guztira 8.561.000 euroko balioarekin.
Abenduaren 1ean gauzatuko da ez ohiko bilkura Hondarribiko Udaletxean eta bertara 2023ko Aurrekontu Orokorra onartzeko proposamena eramango du EAJk.
Abotsanitzek dioenez Hondarribia “oso urrun dago” parte-hartzaileak diren eta inbertsio ulergarriak dituzten aurrekontuak aurkeztetik, eta alkateari “definitu gabeko eta helburu zehatzik gabeko” proposamenak aurkeztea leporatu dio. Zentzu horretan, 140 partidak definitzeko eskakizuna egin zieten jeltzaleei, baina oraindik erantzunik jaso ez dutela salatu dute.
Zehaztasun faltaz gain, aurreko ekitaldiekin alderatuta, ahalmen-ekonomikoa galduko dela ziurtatu dute: “inoizko aurrekontu handiena aurkeztu arren, ez du jasotzen ez KPI ez eta Barne Produktu Gordinaren hainako mailako igoerarik”. Gainera, proposaturiko aurrekontuek ikuspegi soziala galdu dutela adierazi dute. Izan ere gizarte zerbitzuetan, ingurumenaren babeserako, zein inbertsioen proposamenetan adibidez, galera proposatzen dela eta aldiz segurtasunerako, jaietarako, kirolerako zein turismoa sustatzeko programetan igoera nabarmenak proposatu dituztela zehaztu dute. Horrenbestez, 2023 urterako Aurrekontuek “nekez erantzungo diotela herritarren beharrei” uste dute.
Abotsanitz Udal Taldeak beren aldetik, 38 proposamen zuzentzaile egin ditu, gutira 8.561.000 euroko balioarekin, eta horiek, datorren ez ohiko bilkuran eztabaidatuko dituzte: Abotsanitzen proposamenak ikusi. Etxebizitzarako sarbidea errazteko proposamenak, Gizarte Politiketan sakontzeko proposamenak, berdintasun politikak, klima aldaketari aurre egiteko ekimenak, euskararen erabilera sustatzeko jarduerak, mugikortasun politikak gauzatzeko eta herritarrek aurrekontuen %2a erabakitzeko aukera izateko proposamenak aurkeztu dituzte, besteak beste.