San Telmo gaztelua, herritarrena eta herritarrentzako
Abenduaren erdialdera zabalduko dute herritarrentzako bisita gidatuak egiteko aukera. Herritar guztiek ezagutu dezaten nahi dute.
Apirilaren 14an egin zen osoko bilkuran aho batez onartu eta 3,5 milioi eurotan erosi zuen Hondarribiko Udalak San Telmo gaztelua. Haren erosketa, ordea, uztailaren 26an ofizialdu zen. Ordutik prestaketa, txukuntze eta segurtasun lanak egiten aritu dira, herritarrek San Telmo Gaztelua bertatik bertara ezagutu dezaten: “Herritarrek lehenengo ezagutza izatea nahi dugu, denok genuen jakin min hori asetzeko” esan du Alkateak. Abenduaren erdialdetik aurrera izango dute beraz, herritarrek monumentua bisitatzeko eta bertako historia ezagutzeko aukera.
Piraten gaztelua edo Higer gaztelua bezala ere ezagutzen den monumentua 1598an Felipe II.aren erregealdi amaieran eraiki zen. 497 metro koadroko azalera du eta hiru eraikinez osatuta dago: dorrea, tropa-kuartela eta ofizialen pabiloia.
Arma Plaza Fundazioaren eskutik ordubeteko iraupena izango duten doako bisitak prestatuko dituzte, “ahalik eta jende gehienek ezkutuan edo ezagutu gabe genuen ondare hori ezagutzeko”. Hondarribiko ondarea berreskuratzen eta kontserbatzen jarraitzeko, gainera, indusketa arkeologikoak egingo dituzte. Gaztelua XVI. mendekoa da, baina urteetan zehar, batez ere XVIII eta XX. mendeetan aldaketak jasan ditu. Izan ere jende ezberdina bizi izan baita bertan. Hori dela eta, plangintza berezi bat prestatu behar dela azaldu du Alkateak, garai ezberdinetako ondarea bereizteko eta eraberritzeko.
Sagarzazuk, honakoak hainbat urte iraungo dituela argi badu ere, orain arte egin den lan guztia goraipatu eta eskerrak eman dizkie udal langileei, “lan asko egin delako”, bai eta udal kide guztiei ere, proiektuak erabateko adostasuna izan duelako: “Horrelakoak lortzea ez da eguneroko gaia izaten”.
Horregatik guztiagatik, bisitak antolatzen direnean, herritarrei bertaratzeko dei egin die “historian kokatzeko eta atsegina hartzeko, San Telmo gaztelua herritarrena baita”. Bisiten inguruko xehetasunak aurki iragarriko dituzte.
Bisitak martxan jartzearekin batera, parte hartze prozesu bat zabalduko da herritarrek gazteluaren etorkizuna zein izango den erabaki dezaten.