Garaipen garrantzitsua lortu du Zaisa Txingudik
Nagusitasunez gailendu ziren Zarautz B-Beltzak taldearen aurka (26-42), eta bere egin zituzten jokoan zeuden puntuak.
Final bat izango balitz bezala prestatu zuen Zaisa Txingudik larunbateko norgehiagoka, eta bidasoarrek ez zuten huts egin, 26-42 irabazi baitzuten Lasarte-Orian Zarautz B-Beltzak taldearen aurka, eta bere egin zituzten jokoan zeuden puntuak. Txingudi lehiakor irten zen berdegunera, eta etxekoek erasoetan utzitako tarteak baliatuz, bidasoarrak lautan iritsi ziren marka eremura lehen zatian. Atsedenaldira nagusitasunez iritsi zen Txingudi, alde nabarmenarekin markagailuan (7-28).
Egoera alde bazuten ere, lehen zatiko azken txanpan akats batzuk izan zituzten bidasoarrek, eta horrek etxekoak harrotu zituen. Bigarren zatian, bidasoarren defentsan eragindako hutsuneak aprobetxatu zituen etxeko taldeak markagailuko aldea murrizteko, eta Txingudik erantzuten jakin bazuen ere, bukaeratik ordu laurdenera markagailuko aldea bederatzi puntura murriztu zen (26-35). Une kritikoan zeudela ikusirik, Iñigo Camareroren eta Alejandro Latasaren mutilek defentsa estutu, erasoen intentsitatea igo eta seigarren entsegu marrara iritsi ziren. Azkenean, garaipen garrantzitsua lortu zuen Txingudik (26-42).