Eñaut Zubizarretak jaso du Iñigo Muguruza beka
'Musika modernoan murgiltzeko harizko musika tresnentzako ikastaroa' proiektuarekin gailendu da. Orain, zortzi hilabete izango ditu lana gauzatzeko.
Iñigo Muguruza bekaren bigarren ekitaldiak irabazlea du jada. Eñaut Zubizarretak jaso du saria ‘Musika modernoan murgiltzeko harizko musika tresnentzako ikastaroa’ proiektuarekin. Beka deialdi horren bidez Irungo Udalak ikerketa-ekintza proiektuak sustatu nahi ditu, euskal esparruko azken hamarkadetako musika modernoarekin lotuta. Bekari Iñigo Muguruzaren izena eman diote irundarrak musikari, konpositore eta Irungo Udalaren Musika Eskolako irakasle gisa egin zuen “lan handia” nabarmentzeko.
Eñaut Zubizarreta irabazlea egon da gaur goizean egin den aurkezpenean, eta bere proposamenen berri eman du:
- Musika-lengoaia modernoaren oinarrizko ezagutzak zabaltzea hari igurtzizko musika tresnaren esparruan.
- Ezagutzak eta material didaktikoa eskaintzea hari igurtzizko musika tresnen euskal komunitateari.
- Irisgarritasuna eta hedapena sakontzea, online bidea erabilita.
- Azken berrogei urteetan Euskal Herrian sortutako musika errepertorioa ezagutzera ematea. Euskal musika eta euskara mundu osoan zehar zabaltzea.
Santi Jimenez Hezkuntzako ordezkariak eta Musika Eskolako presidenteak oso modu baikorrean baloratu du tankera horretako bekak kaleratzea: “Oso garrantzitsua da horrelako bekak ematea oso esparru espezifikoetan. Musika modernoaren kasuan, oso nabarmentzekoa iruditzen zaigu ezagutzak zabaldu eta eskaini nahi dituen proiektu bat garatu ahal izatea. Izan ere, entzuten dugun guztiaren azpian, deskubritzea merezi duen mundu bat dago. Seguru nago proiektu honen bidez musika modernoa hobeto ulertu eta sentitu ahalko dugula”.
Ikerketa lana osatzeko, zortzi hilabeteko epea izango du Zubizarretak, esleipena egiten den momentutik aurrera zenbatuta. Entregatu beharreko azken emaitza, formatuari dagokionez, askotarikoa izan daitekeela azaldu dute: proiektua, prozesua edo ekintza (dibulgazioko materiala, lankidetzako prozesuak, parte hartze bidezkoak…). Horrez gain, bekak 9.000 euroko zuzkidura du.
Iñigo Muguruza beka ez da Irungo Udalak urtero antolatzen duen ikerketa beka bakarra. Muguruzaren omenezko bekaz gain, Serapio Mujika artxiboko bekak, euskarari buruzko Loidi bekak, tandem estiloko Ribera bekak, Gazteartean bekak eta, berrikiago, berdintasunaren inguruko Julia Iruretagoiena bekak ere badaude.