"Erasotzaileei aurre egin behar zaie eta emakume langileon babesa antolatu behar da"
Bidasoko Itaiak 100 bat lagun bildu zituen atzo Moskun. "Zapalkuntzarik egongo ez den gizarte sozialista baten" beharra nabarmendu zuten.
Bidasoko Itaiak elkarretaratzea egin zuen atzo Mosku plazan. 100 bat lagun bildu ziren, “indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki” behar dela aldarrikatzeko.
Lehenik eta behin, gizartean indarkeria matxistaren kontrako jarrerak nagusitzen diren arren, kasuek gora egiten dutela esan zuten. Horri lotuta, instituzio eta alderdi politikoen papera salatu zuten: “politika hauek indarkeria matxistaren kudeaketara eta norbanakoaren lanketara bideratutako lan ideologiko eta pedagogikora mugatzen dira”. Horren aurrean, indarkeriarekin bukatzeko politika horiek duten “asmo eza” nabarmendu zuten.
Azkenik, “zapalkuntzarik egongo ez den gizarte sozialista baten eraikuntzaz” aritu ziren, eta hori lortzeko bidean, “erasotzaileei aurre egin behar zaiela eta emakume langileon babesa antolatu behar dela” esan zuten.