[Bideoa eta argazkiak] Esku gorria atera diote ikasleek indarkeria matxistari
'Indarkeriarik gabeko bizitzak merezi du' aldarrikatu dute gaur Hirubide, Toki Alai, Plaiaundi eta Eguzkitzako ikasleek.
Irungo ikastetxe publikoetako bigarren hezkuntzako ikasleek irmo gaitzetsi dute indarkeria matxista gaurkoan. Zabaltza plazan elkartu dira Toki Alai, Plaiaundi, Hirubide eta Eguzkitzako ikasleak, Indarkeriarik gabeko bizitzak merezi du lemarekin. Txingudi Ikastolako ikasleek kale egin dute, eguraldiagatik.
Ez dela ospatzeko eguna azaldu du ikasle batek, “gaur, gizartean bizirik dagoen errealitate latz eta gordina plazaratzeko eguna da”. Emakumeekiko dagoen indarkeria sistematikoa salatu dute eta deitoratu dute iazko azaroaren 25etik oraindik salatzen jarraitu beharra.
“Zuk ere lagun dezakezu kontzientzia sortzen eta emakumeekiko indarkeriari amaiera ematen, orain eta egunero”. Elkarrengan sinestea dagoela gakoa diote eta txiste eta jarrera matxistak identifikatu egin behar direla azaldu dute. “Gure ikastetxean emakume asko gara eta ez dugu ausartak izan nahi, ez dugu ausartak izateko beharrik izan nahi. Aske eta berdinak izan nahi dugu”.
Hasieran indarkeria matxistaren egoera bat jasotzen duen dantza bat dantzatu dute ikasleek, eta amaitzeko, esku gorriak, indarkeria matxistarik ez lemaren sinboloak jarri dituzte pankarta batean.
Ondoren, San Juan plazan Irungo Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute.