%3,57 hazi dira emakumeen kontrako erasoak Oarso Bidasoan
Hazkunde handiena familia barruko erasoetan izan da. Bikoteek edo bikote ohiek eraso dituzten emakumeen kopurua ere hazi da.
Oarsoaldeko lau herrietan, nahiz Irunen eta Hondarribian, %3,57 hazi dira emakumeen kontrako erasoak 2022ko urtarriletik irailera, 2021ko datuekin alderatzen badira. Igoerarik handiena familia barruan izandako indarkeria matxista kasuena izan da %16,88ko gorakadarekin; bikoteek edo bikote izandakoek emakumeei egindako erasoak ere handitu dira, %3,27an. Askatasun sexualaren kontrakoak, berriz, %20an jaitsi dira. Datuok Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak HITZAri emandakoak dira.
2022an, emakumeen kontrako indarkeria kasuak 406 izan dira orotara 2022ko lehen bederatzi hilabeteetan; 2021ean 392koa izan zen kopuru hori. Oso nabarmena da Pasaian nahiz Oiartzunen familia barruko biolentziaren hazkundea: bi herrietan sei kasu izan ziren 2021eko urtarriletik irailera, eta aurten, berriz hamahiru eta hamasei izan dira hurrenez hurren.
Hondarribian izan da, berriz, bikoteen edo bikote ohiren eraso matxistak gehien hazi diren herria iazko eta aurtengo irailera arteko datuak alderatuta; %40 hazi dira herri horretan, 10etik 14ra.
Jarraian, eta Segurtasun Sailaren datuetan oinarrituta, 2022ko urtarriletik irailera Oarsoaldean nahiz Irun eta Hondarribian izan diren eraso matxistak, 2021eko datuen alderaketarekin.