[Elkarrizketa] "Beldurra diogu adingabeek egoera kontrolatzeari"
Indarkeria matxistaren auzia teknologia berrietan nola garatzen den eta horri aurre egiteko lanabesen gaineko tailer bat eskainiko du irundarrak. Asmoa, hilabetean behineko saioak izatea da.
Bidasoaldeko Elkarte Feministak indarkeria matxista jorratzeko Enreda2 tailerra antolatu du biharko Irungo Palmera Monteron, 12:00etan. Sare sozialetaz eta indarkeria matxistaz arituko da Rebeca Leston Valbuena gizarte hezitzailea.
Tailerra iaz egindako beste baten segida da, ‘Ez nazazu maite asko, maita nazazu hobe’ izenekoa. Zeri buruzkoa zen?
Identifikatu genuen indarkeria testuinguruan kokatzeko beharra zegoela teknologia berrien esparruan, eta hortik sortu zen tailer hau, teknologia berrietan gehiago gailentzen zena. Konfinamenduarekin jendea ez zen kalera irteten, eta orduan Internet bidezko harremanak areagotu egin ziren. Gizakiak gara, eta besteekin harremanak izateko oinarrizko beharra dugu. Izaki sozialak gara, eta sare sozialen bidezko komunikazio hori areagotu egin zen, beraz. Gorakada horrekin ikusi da, halaber, sare horien bidezko indarkeriak gora egin duela.
Bestalde, kontuan hartu dut Raquel Calvo lankideak, beste lankide batekin batera, Irungo Udalean egin zuen azterlan bat. Berak gidatzen zuen Asexorate programa, eta azterketa bat egin zuten. Oso deigarria iruditu zitzaidan, eta Bidasoaldeko Elkarte Feministako bilera batean komentatu genuen: pornografia ikusten hasteko haurren batez bestekoa zortzi urtekoa da. Kezkatuta utzi ninduen horrek, eta konturatu nintzen zeinen gutxi jabetzen garen adingabeek pornoa erabiltzeko duten aukeraz.
Azterlanean ikus zitekeen pornoa kontsumitzen zutela, gauzak kontatzeko moduagatik. Orduan, aintzat hartuta pandemian sare sozial bidezko komunikazioa areagotu dela, eta ikerketa honetatik abiatuta, gure buruari galdetu genion, «eta abanikoa zabaltzen badugu? Eta indarkeria mota hauek azaltzen baditugu?». Beraz, iazkoa gaia lantzen has- teko kapsulatxo bat izan zen, ikusi baikenuen beharrezkoa zela sare sozialetako harremanetako indarkeria bidez tratatzea.
Tailer bakar batean ez geratzea da zuen asmoa.
Tailer hau, zehazki, gai konkretu bati buruzko pilulatxoa da, baina proiektu baten parte da. Proiektu hori aurten aurkeztu dugu, nahiz eta ezin izan dugun egin, baina datorren urterako berriro aurkeztuko dugu. Guraso-eskola bat sortzea da asmoa, eta proiektu afektibo- sexual batean egongo litzateke. Proiektu horretan, adingabeak ardurapean dituzten helduekin lan egiten da. Egia esan, gai hau interesatzen zaion edonori irekita dago, batez ere adingabeak ardurapean dituzten helduei. Tresnak ematea eta horri guztiari aurre egin ahal izatea da helburua. Beharbada ezagutzen edo ezagutzen ez dituzten kontzeptuekin harremanetan jartzea izango da biharkoa, eta publikoarentzat irekia denez, ez dakigu zein izango den oinarria.
Pornoa aipatu duzu. Biolentzia matxistarekin erlazionatzen duzu?
Pornoa ez dut lotzen zuzenean indarkeria matxistarekin. Baina pornoa ez da tratatu behar sexu-heziketa balitz bezala. Aipatu dudan azterlan horren arabera pornoarekin ez dute sexu-hezkuntza ikasten, pornoari erreparatzen diote eta estereotipoak, botere-harremanak, mendekotasuna eta erasoak erreproduzitzen dituzte. Artikulu askotan diote porno-bilaketetan gehien bilatzen diren gaiak bortxaketenak direla. Beldurtzeko moduko datua da.
Nola funtzionatzen du biolentzia matxistak sare sozialetan? Botere harremanek berdin funtzionatzen dute?
Oraindik amildegi bat da dena. Errealitatean edota egunerokoan pertsonarekin aurrez aurre zaude, baina ez duzunean aurrez aurre pertsona, kasu hauetan gertatzen ari den moduan, immunitatearekin sentitzen gara aurrez aurre ausartzen ez garen ekintzak egiteko.
Gainera, nagusitasunetik egiten da. Kasu bat aipatuko dut: emakume bat ezagutu nuen, joko birtual bateko jokalaria dena, eta esaten zuen berak bazuela jolasteko nick [izengoiti] bat, bere izenik, emakumea zela, edo bestelako datu pertsonalik agertzen ez zena. Ez zuen esaten emakumea zenik, Internet bidezko jokoren batean hala esan zuelako, eta besteak hori jakin bezain laster iraintzen hasi zirelako. Emakume bat zela esateari utzi behar izan nion. Zenbateraino mugatzen du horrek zure askatasuna?
Pantailaren aurrean gaude eta ez duzu beste pertsona ikusten, baina beste pertsona bat dago, eta hori da landuko duguna. Guztion artean sustatu behar dugu pentsamendu hori adingabeengan, pertsona bat atzean dagoela pentsa dezan. Horregatik, tailer hau adingabeak ardurapean dituzten helduei zuzenduta dago, eta ez nerabeen kargu egiten diren horiei bakarrik, ematen baitu nerabeei zuzenduta dagoela tailerra: lanean askoz lehenagotik hasi behar da. Orain, ia hitzik egiten ez duen haur batek mugikor bat erabiltzen du, eta tailer hau egoerak nola maneiatu ikusteko izango litzateke.
Talka bat dago teknologiaren aurrerapenarekin hazi diren pertsonen eta ez direnen artean?
Talka badago. Zer gertatzen da talka bat dagoenean? Ez dugu denborarik horri erantzuteko, pasatzen uzten dugu, eta bola handiagoa egiten da. Dena dakitela pentsatuz jaiotzen dira haurrak, edo dena dakigula uste dugun gizarte batean gaude. Ez da hala. Guztiok guztiongandik ikasi behar dugu.
Talka horretan, helduak du gelditzeko, pertsonarekin egoteko, irakasteko, eta irakaskuntza hori jasotzeko erantzukizuna. Familietan ikasteko eta irakasteko espazio horiek ematen ez badira, ziurtzat jotzen da hori adingabearen alderdi bat delako dela. «Seme edo alaba ordenagailura jolastera joaten da, edo mugikorrarekin joaten da», entzun ohi da. Ez duzu isolatu behar horregatik, horrekin batera egin daitezkeen hainbat jarduera izan daitezkeelako.
Sare sozialak ez dira munstro bat, ikas daiteke, egon daiteke, familiarekin par- teka daiteke. Baina adingabea bakarrik uzten da. Sare sozialak balia daitezke adingabearekin egoteko, eta adibidez, han egin berri duen lagun horri buruz hitz egin daiteke. Ez dut esaten 16 urteko; adin horrekin nerabe horrek «nire lagun honek zer axola dizu» esango dizu. Baina aldez aurretik komunikazioa landu baduzu eta normalizatu baduzu, haurrak edo nerabeak kalean egin duen lagun bat aurkezten duen moduan, sare sozialen bidez ezagutu duenari buruz ere hitz egingo dizu.
Talkaren aurrean distantzia bilatzen dugu, jendeak ez duelako bere burua prest ikusten erantzunak emateko edo gaian sartzeko. Beldurra diogu adingabeek egoera kontrolatzeari, baina batzuetan jaitsi eta orekatu egin behar da. Gauzak azaltzeko eskatu behar da, eta ez gara guraso hobe edo okerragoak azalpenak eskatzeagatik. Seme-alabek gurasoei eman diezazkieketen ezagutza horiei garrantzia eman behar zaie.
Tailerraren lehenengo zatia teorikoa izango da, eta gero dinamikoa.
Teoria tailerraren justifikazioari buruzkoa izango da. Batez ere txosten batena, barometro batena, non azaltzen den zenbateraino jarraitu behar dugun lanean, nerabezarora arte.
Alde dinamikoan, bertaratzen diren pertsonekin lan egingo da, benetan sare sozialen teoriara iristeko. Pertsona bakoitzak zer informazio duen jakiteko eta tailerra egokitu ahal izateko ere bai.