[Bideoa eta argazkiak] Sententzia matxistei, planto
Hendaiatik abiatu eta Irungo epaitegietan amaitu da justizia feminista aldarrikatzeko Bidasoko manifestazioa. Santiago zubian harrera sareek hitza hartu dute. Ondoren, Itaia Bidasoak elkarretaratzea egin du Moskuko plazan.
Hendaiako herriko plazatik abiatu dira herritarrak M8 Asanblada Feministaren deiari erantzunez. Lehenbiziko geldialdia Erretentzio Zentroan egin dute eta denentzako paperak aldarrikatu dituzte. Itzulketa politikak salatzeko probestu dute nagusiki.
Jarraian, Santiago zubira joan dira. Autodefentsaren aldeko oihuak izan dira protagonista, Frantziako poliziaren kontrol arrazistaren parean. Zubi erdian gelditu eta Bidasoaren bi aldeetako harrera sareetako ordezkariena izan da hitza.
Emakume migratzaileen iruditeria arrazista eta sexista mahai gaineratu dute eta kriminal edo biktima gisa identifikatzen dituela gizarteak deitoratu dute. Europaren harrera gaizkile gisa tratatzea eta matxista dela diote
Zerrendatu egin dituzte emakume migratzaile batek migratzeko izan ditzakeen arrazoiak:
“Ezkontza behartuetatik ihes egiten dute, alabei ablazioa egingo zaielako, alargun geratu ondoren pobreziara kondenatuak direlako. Badira Europan bizi diren amak eta beren alabak euren ondora ekarri nahi dituztenak eta hauen aukera bakarra paperik gabe bidaiatzea izatea.
Pasa dira Irundik lesbiana izateagatik heriotza mehatxutik ihesi doazen emakumeak, genero indarkeriagatik beren herrialdea utzi dutenak, klimaren aldaketak eragindako lekualdaketak jasan dituztenak, bizitza hobea izateko ideiarekin eta inolako kontakturik gabe bidaiatzen duten beste batzuk, abenturara modu gordinean salto egiten dutenak”.
Epaitegietara bidea hartu dute, azkenik. Antzezpen txiki bat egin dute antolatzaileek eta biktima eta gizartearen aurreiritziak dituen pertsonen roletan sartu dira. Biktimek, benetan suertatu diren hiru sententzia matxista irakurri dituzte, gordinki. Besteek, iruzkin matxistekin erantzun diete epai horiei.
Mosku plaza ere izan da aldarrikapen oihu. Bidasoko Itaiak mobilizazioa zuen deitua eta hainbat elkartu dira bertan eta indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraikitzea izan dute aldarri. Horrez gain, gaur goizean Talaia eta Pio Baroja institutuetan egon dira indarkeria matxistaren gainean hausnartzea kari.