Gobernu taldeak inoizko aurrekontu handiena aurkeztuko dio Ogasun Batzordeari
Ogasun Batzordeari 25 milioi eurotik gorako proiektua aurkeztuko dio gaur gobernu taldeak. Bost ardatz estrategiko aurkeztu dituzte.
Gaur, osteguna, udal gobernu taldeak 25.160.167 euroko aurrekontu proposamena luzatuko dio Ogasun, Kontu, eta Ondare Batzordeari, 2023ko aurrekontuetarako. Txomin Sagarzazu alkateak azpimarratu eran, 2023rako aurrekontu proposamena inoizko handiena da kopurutan. Atzoko aurkezpenean Juan Mari Altuna Ogasun zinegotzia izan zuen alkateak alboan.
Kopuru hori bost ardatz estrategikoetan banatu dute. Hori horrela, norbanako eta familientzat 2.859.966 euro bideratuko dituzte; tokiko ekonomia sustatzeko, 1.594.100 euro; garapen iraunkorrerako, 7.580.040 euro; herritarrei bultzada emateko 5.590.550 euro; eta herritarrei zerbitzu eta arreta eskaintzeko, 7.664.968 euro.
Abian jarri nahi dituzten proiektuen artean, “Kalez-kale Hondarribia hobetzen” programan sakontzea dago, eremu desberdinetan iraunkortasun, irisgarritasun eta bizi kalitatea hobetzeko; San Nikolas zubia ordezkatzea; Mendeluko birgaitze-proiektua eta Plan Berezia edota San Telmo gazteluko eta Guadalupeko gotorlekuko jarduketak.