Larunbatean, azken hiru denboraldietako banderen bedeinkapenak
Pandemiarengatik ekitaldirik egin ezin izan ondoren, Hondarribiko Arraun Elkarteak 50 bandera bedeinkatuko ditu. Gainera, bi arraunlariri Urrezko intsignia eskainiko die ere.
Larunbat honetan, azaroaren 26ean, Hondarribia Arraun Elkarteak 2020, 2021 eta 2022 denboraldietan irabazitako banderen bedeinkazio-jardunaldia ospatuko du. Izan ere, pandemiaren eraginengatik, bi urte luzez ezin izan dituzte azken hiru denboraldietan eskuratutako banderak bedeinkatu. Arraunlariak, zuzendaritzako kideak eta Arrantzaleen Kofradiako kideak 12:15ean abiatuko dira elkartetik Kale Nagusirantz. Ordu laurden beranduago, kirolarien taldeari udal ordezkariak batuko zaizkio, eta denak batera Jasokundearen eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Parrokiara joango dira, 12:30ean.
Larunbatean 50 bandera bedeinkatuko dituzte orotara: 2020an lortutako hogei, 2021eko hamabiak, eta aurtengo hogeita seiak. Banan bana, agiri honetan ageri dira urtez urtekako bandera guztiak.
Bazkaria eta omenaldia meza ostean
Mezaren ondoren, segizioa Ermandadera joango da. Bertan, Elkarteak behin betiko emango dizkio banderak Arrantzaleen Kofradiari, eta bertan geratuko dira. Parte hartzaile eta senideek bazkaria egingo dute Sutan jatetxean, eta hura amaitzean, arraun elkarteak Urrezko intsignia eskainiko die Estibaliz Gezala eta Julen Castrillo arraunlariei. Lehena 2005 eta 2020 artean aritu zen emakumezkoen traineruan, arraunlari eta patroi lanetan. Gaur egun emakumeen taldeko ordezkari lanetan dihardu. Bigarrenak, ordea, hemezortzi urte egin ditu Ama Guadalupekoan, 2019ra arte. Palmaren zabala du; artean TKEko bi liga, Kontxako bi bandera, nahiz Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako Txapelketak.