Udalaren eta Bandaren arteko lankidetza akordioa, lehiaketa publikoaren ondoren
Lehiaketa publiko bidez bere egin du hiriko bandak udalarekin hitzarmena egikaritzeko eskubidea. Urteko 60.000 euro jasoko ditu.
Hondarribiko Udalak eta Hondarribiko Hiria Musika Bandak bi urterako lankidetza kontratua sinatu dute, hirura luza daitekeena. Horren arabera, herriko musikarien taldeak 60.000 euro jasoko ditu urteko; trukean, bandak hamazazpi kontzertu eskainiko ditu urteko.
Gaur sinatu dute akordioa Txomin Sagarzazu alkateak eta bandako kide Julio Jimenezek. Datu garrantzitsua eman du udalaren gidariak. Izan ere, legeak hala aginduta, udalak nahitaez musika banda baten zerbitzua lehiaketa publiko bitartez kontratatu behar izan du. Beraz, administrazio prozesu guztiaren ondoren, lehiaketa Hondarribiko Hiria Musika Bandak irabazi duela adierazi du Sagarzazuk. Hala, kontratuan, bandaren eta udalaren eginbeharrak “ondo zehaztuta” daudela adierazi du. Hitzarmena egikaritzea “berri pozgarria” dela nabarmendu du udal agintariak.
Sagarzazuk balioa eman dio bandak hirian betetzen duen funtzioari, “gure hiriaren mugimendu kultural eta musikalean bereziki”. Historia handia duen musikarien lagunartea da banda, “maila altua lortu duena eta hondarribiarrontzat oso garrantzitsua dena”, alkatearen esanetan.