Txanogorritxoren zikloan, ikus-entzunezkoa eta autodefentsa tailerra
Bihar (asteazkena) 'Caperucita roja' dokumentalaren emanaldia izango da liburutegian. Larunbatean da autodefentsa tailerra.
Aurrera jarraitzen du Zuloaga Etxea udal liburutegiaren Txanogorritxo zikloak. Horren arabera, datozen egunetarako bi jarduera proposatu dituzte: ikus-entzunezko baten emanaldia, eta autodefentsa tailerra.
Bihar (asteazkena) jasoko du Caperucita roja dokumentala Zuloaga Etxeak (19:00). Tatiana Mazuk egindakoa da; argentinarra da egilea, ezkerreko aktibista feminista. Seminci Valladolideko Nazioarteko Zinemaldian ohorezko aipamena egin zioten lanari.
Larunbatean (hilaren 26an), berriz, autodefentsa tailerra antolatu dute liburutegiak eta Kisoku klubak elkarlanean. 10:00etan hasiko da, eta kirol elkarteak Mendelun duen egoitzan egingo dute.