Larreaundi-Olaberria euskararen heldulekua izateko, zozketa
Abenduaren 3 arte auzoko hainbat komertzioetan euskaraz eskatzen duena zortzi sarietako bat irabazteko zozketan sartuko da. Gainera, Euskararen astea antolatu du auzo elkarteak.

Zozketa bat jarri du martxan Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak, auzotarrak euskarari eragin diezaioten. Auzoko hainbat komertziotan euskaraz eskatzen duenak saria izan dezake, abenduaren 3an egingo duten zozketan. “Egunak ez ezik, Euskarak lurraldeak ere behar ditu. Landa, hiriak eta baita auzoak ere”.
Kimua tabernan, Lurra belardendan, Fabrica de Migas okindegian, Larreaundi supermerkatuan, Nekazari etxean, Marte sorkuntza tailerrean, Larrea janariaken edota FYLABen euskaraz eskatzen duenak izena eman beharko du dendetan jarri duten kutxetan.
Zortzi sari banatuko dituzte, 25 euroko balioa duena denda horietako batean erabili ahal izateko. Lehiaketaren izena Euskarak saria du da eta dagoeneko martxan dago.
Auzoak euskararen helduleku izan behar direla ziur dira. Bide horretan, programazioa ez da zozketara mugatu eta auzo mural parte hartzaile bat ere egingo dute hilaren 26an. Xabat Santamariak egin du marrazkia eta bera ariko da dinamizatzen.
Muralaren kokalekua zein izango den azaroaren 23an argituko dute, eguraldiaren baldintzapean baitaude. Bestalde, laster Euskararen egunaren berri emango dutela aurreratu dute.