Sareren San Tomaseko futbito txapelketa bueltan da
Abenduaren 17an, 18an eta 21ean jokatuko dira partidak, Urantzu pilotalekuan. Izen-emateak irekita daude dagoeneko.
Sareren San Tomaseko futbito txapelketa bueltan da. 2019an berreskuratu zuten 25 urteren ondoren, eta oso arrakastatsua izan zela eutsi dute antolatzaileek. 2020an pandemiak eten eta 2021ean murrizketekin egin ondoren, “indar eta gogo betez” ekingo diote berriz ere “aldarrikapenez, kirolez eta festaz bustitako ekimenari”. Abenduaren 17an eta 18an sailkapen fasea jokatuko da, eta abenduaren 21ean, San Tomas egunean, finalaurrekoak eta finalak egingo dira.
“Etxera bidea gertu dugun honetan, urratsak eman behar direla aldarrikatzen dugu. Elkarbizitza demokratiko baterako ezinbestean presoen aferari irtenbide bat eman behar zaio, salbuespen espetxe politika desegin eta presoen eskubide guztiak bermatu behar dira”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Urtero egiten duten bezala, aurten ere eskualdean elkarbizitzaren alde lan egiten ari den elkarte bati emango diote ‘San Tomas Saria’. Aurten Gure Esku plataforma izango da errekonozimendua jasoko duena “herri honen elkarbizitzaren alde egiten duen lanagatik”.
Izen-emateak
Izena emateko aukera irekia dago dagoeneko, eta galdetegi bat beteta egin behar da. Hamar euro ordaindu behar dira jokalari bakoitzeko. Taldeak zortzi eta hamabi jokalari artekoak izango dira, eta 18 urte behar dira jokatu ahal izateko. Partidetan, bost jokalarik eta atezainak jokatuko dute. Horrez gain, jokalari guztiek kamiseta eta kirol asegurua izango dutela zehaztu dute antolatzaileek, eta irabazle eta parte hartzaileek sari “paregabeak” izango dituztela gaineratu dute.
Txapelketako partida guztiak Urantzu frontoian jokatuko dira, eta kanporaketa sistemaren bidez sailkatuko dira taldeak. Abenduaren 17ko eta 18ko neurketak goiz eta arratsaldez izango dira, eta abenduaren 21ekoak, aldiz, arratsaldez izango dira.
Informazio gehiagorako, interesdunek torneosantotomas@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.