Azpikontratazioen aurka mobilizatzen jarraituko dute CAFen
Zuzendaritzak iragan ostiralean ez duela azpikontratatutako lanak barneratzeko asmorik esan zion enpresa batzordeari. Ekintzei eutsiko dietela berretsi du komiteak.
Hilaren 2an CAFeko enpresa batzordeak azpikontratatuta dauden lanen sarrera oztopatu zuen, eta kamioiek buelta eman behar izan zuten deskargarik egin gabe. Langile gehiago kontratatzea nahi dute eta aintzat har dezatela dagoeneko eratuta dagoen behin-behineko langile poltsa. Hau da, azpikontratak errefusatu, eta plantilla egonkorra nahi dute.
Ekintza horren ondoren, hilaren 11n, bilera egin zuten zuzendaritzarekin eta batzordeak azpikontratazio maila altua dagoela Irungo lantegian mahai gaineratu zuen.
Horrez gain, duten lan guztia aurrera eramateko zailtasunak dituztela salatu zuten, kontuan izanda egun dagoen pertsonal kopurua eta bete behar dituzten epeak. Bide horretan, zuzendaritzari leporatu diote ahal izan duen guztia azpikontratatu izana: “Langile gehienak muntai lineatan jarri behar izan ditu”.
Zuzendaritzak, bestalde, enpresa batzordeari bilera horretan adierazi zion ez zutela kanpora eramandako lanak barneratzeko intentziorik. Dena den, enpresa batzordeak erantzun ofizial bat nahi du, eta hori hilaren 18a baino lehen izatea nahi zuten. Hilaren 18ko batzarrean, zuzendaritzak adierazi zuen momentuz ez daukatela azpikontratatutako lanak barneratzeko asmorik.
Horren aurrean, mobilizatzen jarraitzeko asmoa dute langileek, azpikontratazioen kontra, eta egungo lanpostuen defentsan.