Real Union hurrengo kanporaketan izango da
Txuribeltzak 3-2 gailendu ziren Lehen Mailako Cadizen aurka eta asteazkeneko bigarren kanporaketako zozketan izango dira.
Real Unionek ezustekoa eman zuen atzo Espainiako Kopan. Aitor Zulaikaren mutilak 3-2 gailendu ziren Lehen Mailako Cadizen aurka eta txapelketako bigarren kanporaketarako sailkatu dira.
Partida, baina, ez zen espero bezala hasi txuribeltzentzat, Lucas Perezek aurretik jarri baitzuen Cadiz 15. minutuan. Etxekoek, ordea, azkar erreakzionatu zuten, eta hurrengo jokaldian Nachok berdinketako gola sartu zuen. Emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira (1-1).
Bigarrenaren hasiera lehenaren antzekoa izan zen, Alvaro Negredok Cadiz aurretik jarri baitzuen 60. minutuan burukada bati esker. Momentu horretan, Real Unionek aurkako markagailua irauli behar zuen kanporaketa pasatzeko, eta miraria bete zen. 79. minutuan, korner batean, Ivan Perez atzelariak berdinketako gola sartu zuen buruz, eta bazirudienean neurketa luzapenera joango zela, 93. minutuan Nachok areaz kanpotik sekulako gola lortu zuen, partidako bere bigarrena izan zena. Real Unionek 3-2 irabazi zion Cadizi eta poztasuna eraman zuen Stadium Galeko harmailetara.
Real Unionen Espainiako Kopako ametsak aurrera darrai, eta bigarren kanporaketako zozketan izango da. Zozketa hori asteazkenean izango da, 17:00etan, Espainiako Futbol Federazioak Las Rozasen (Madril) duen egoitzan. Kanporaketa horiek abenduaren 21ean jokatuko dira, partida bakarrera, kategoria baxuagoa duen taldearen zelaian.