[Elkarrizketa] «Kopan egotea sari handia da. Eta zergatik ez amestu partida irabaztearekin?»
Erronka handia du Real Unionek etzi. Lehen Mailako Cadizen aurka ariko da, 18:30ean eta Galen, Espainiako Kopan. Jon Irazustabarrena da taldeko kapitaina, eta lehen kanporaketa pasatzeko gakoez mintzatu da.

Erronka polita duzue parez pare, Lehen Mailako Cadizen aurka jokatuko baituzue Espainiako Kopako lehen kanporaketan. Nola dago taldea?
Ilusio handia dugu partida jokatzeko. Lehen Mailako talde baten kontra jokatzea ez da askotan pasatzen, eta horrek ilusio gehigarri bat ematen du beti. Lehenengo Maila EEFFn lehiatzen dugu [iraganeko 2.B Maila], eta ez da erraza Lehen Mailako talde baten aurka aritzea. Jarraitzaileentzat ere berezia izango da, eta jende gehiago etorriko da zelaira. Egoera hori pizgarria izan daiteke guretzat.
Gutxi behar da horrelako partidetan jendea motibatzeko, ezta?
Bai, hala da, Lehen Mailako talde baten kontra jokatzeko gutxi behar da jendea motibatzeko. Badakigu zaleak gurekin topera egongo direla eta guretzako ere oso erraza da motibazio hori aurkitzea, gogo asko egoten baitira neurketa horiek jokatzeko. Ilusio handia dugu, badakigu partida bakarra dela eta gure zaleen aurrean jokatuko dugula, eta zergatik ez sorpresa eman.
Zer-nolako partida espero duzu?
Beraiek sentitu behar dute gu garaitzeko presioa, haiek baitira Lehen Mailako taldea. Guk lasaitasunetik jokatu behar dugu, dena emanez eta sorpresa eman dezakegunaren konfiantzarekin, partida bakarrera edozer gauza pasa baitaiteke. Uste dut haiei gauzak zail jartzea dugula, eta horretan kontzentratu behar dugu.
Nolako taldea da Cadiz?
Lehen Mailako talde bat da eta kalitate handiko jokalariak dituzte. Gure antzera, ligako sailkapenean ez daude egoera onenean, baina badakigu Lehen Mailako taldea direla, eta kalitatez, seguruenik, gure gainetik egongo direla. Badakigu partida bakoitzean edozer gauza pasa daitekeela, eta dugun motibazio gehigarriarekin, neurketaren aspektu batzuetan beraien gainetik egon gaitezkeela. Guk egoera hori aprobetxatu beharko dugu.
Zer egin beharko zenukete kanporaketa pasatzeko?
Oso kontzentratuta egon behar gara, partida hasieratik bizitzen, zelaian sentimendu hori erakutsiz, eta zaleek, dudarik gabe, asko lagunduko digute. Badakigu beraiek kalitate handiko jokalariak dituztela eta edozein momentuan golak sartzeko aukerak sor ditzaketela. Nik uste partida luzea egiten badugu, haiei urduritasuna sartuz, aukera gehiago izango ditugula; baina futbolean edozer gauza pasa daiteke.
Partida Stadium Galen izatea pizgarria izango da, ezta?
Bai, dudarik gabe. Behobia-Donostia lasterketa ere da igandean, eta inguru honetan jende asko mugitzen da lasterketarekin. Plan polita izan daiteke goizean Behobia-Donostia ikusi eta arratsaldean Galera etortzea Lehen Mailako talde baten aurkako partida ikustera. Jendea gogoz egongo da eta egun polita izango da.
Kopan ilusioa nabarmena bada ere, ligan ez duzue hasiera ona izan. Zer pasa zaizue?
Emaitza onak lortzea kostatzen ari zaigu, baina azken partidetan behintzat sentsazio hobeak izan ditugu guk nahi dugun jokoa egiteko. Partida batetik bestera irregulartasun handia erakusten ari gara, eta kostatzen ari zaigu. Momentu honetan, kopako neurketa hau konfiantza hartzeko erabil dezakegu ondoren konfiantza hori ligara eramateko. Kopan egotea sari handia da. Eta zergatik ez amestu partida irabaztearekin eta kanporaketa pasatzearekin? Badakigu oso kontzentratuta egon beharko dugula ligan, eta hori da gure helburu nagusia.
Nola eman diezaiokezue buelta egoerari?
Jokatzeko era bat dugu, gauzak modu jakin batean egin nahi ditugu, eta horri eutsi behar diogu. Horrelako egoeretan, askotan, gauzak aldatzen saiatzen zara, hasiera batean egin nahi zenuena alde batera utziz, gauza berriak probatuz, baina nik uste egiten ari garen lanean konfiantza izan behar dugula, entrenamenduetan ondo ari baikara lanean. Astean zehar egiten dugun lana ona da, eta horri eutsi behar diogu. Nahiz eta ez garen saria lortzen ari, gure lanean konfiantza izan behar dugu. Aldagela indartsua dugu, harreman oso ona dugu denon artean, eta konfiantza handia dugu taldekideen artean. Hori oso garrantzitsua da. Denok batuz, hortik etorriko dira emaitzak, joko hobea, eta denok nahi eta bilatzen duguna.
Sailkapeneko azken postuan joan arren, lehia estua da, eta partida asko geratzen dira oraindik. Denbora duzue egoera irauli ahal izateko, ezta?
Denboraldia luzea da, bai, baina asko geratzeak ezin gaitu lasaitu, inoiz baino lan gehiago egin behar dugu egoerari buelta emateko, ezin gara utzikerian erori. Inoiz baino kontzentratuago egon behar dugu, horrelako egoerek asko pentsatzeko eta asko hitz egiteko tartea ematen baitute. Denok batera egon behar dugu gure helburuaren bila joateko, eta horrek emango digu beheko postuetatik ateratzeko indarra.