[Elkarrizketa] "Behobiak duen gauza bereziena zuek zarete, publikoa"
Oso gutxik esan dezakete Behobiaren 40 dortsal jantzi dituztela. Tolaretxipik 1979tik ez du ia hutsik egin. Bereziena izango da etzikoa, lehenengoz bi semeekin parte hartuko baitu errenteriarrak.

Etzikoa 41. Behobia izango duzu. Zer sentiarazten dizu zenbaki horrek?
Beti diot zortea, osasuna eta gogoaren adierazgarri dela. Brometan esaten dut maiz bi aukera ditudala: psikologora joan edo kirola egin, eta merkeagoa da kirola egitea [barre egin du]. Ez dut uste meritu handia dudanik, zinema edo irakurtzea gustatzea bezala da niretzat. Kirolean aktibo egoteak oreka mentala ematen dit, sekulakoa. Horregatik ez diot meriturik ematen egindakoari. Betidanik lotura oso estua izan dut kirolarekin, ez diot egiteari utzi sekula. Zorte onekoa naiz, 62 urterekin honetan jarraitu ahal izatea ikaragarria da, pribilegiatu bat sentitzen naiz.
Aro berriko lehen edizio hartan izan zinen [1979an]. Asko aldatu da ordutik?
Aro berriko lehen hartan 900 pertsona atera ginen, pentsa, izugarrizko bilakaera izan du ordutik. Gaurkoekin alderatuta oso ezberdinak izan ziren lehen horiek, baina horiekin geratzen naiz, zalantzarik gabe. Proba herrikoietan azken urteetan jendea asko arduratzen hasi da entrenamenduekin, elikadurarekin, eta askok disgustuak izaten dituzte ez direlako gai izan bi minutu jaisteko. Karrera popularrak dira, baina hain zorrotzak dira, erdi profesionalak bilakatzen direla askorentzat. Ez dut kirolaren alde hori kontenplatzen, ez dut hori maite. Hau da, beti kuadrillarekin ibiltzeko ohitura izan dut, lotuta egon gara parrandarekin, zigarrotxoarekin. Kirolak oreka mantentzeko balio dit. Horregatik diot hasierakoekin geratzen naizela. Ez dakit izpiritu solidarioagoa zegoen, baina bai giroa ez zela hain lehiakorra. Gaur egun asko arduratzen dira markekin, nahiz eta herri probak izan.
Lehen edizioetarako arratsaldetan entrenatzeko ohitura genuen, baina batez ere edaten genituen garagardoak konpentsatzeko egiten genuen [barrez]. Parranda zaleak izan gara, baina baita kirolariak ere, denarekin gozatzen jakin dugu. Horregatik ez dut sekula markarik planteatu. Gogoan dut 23-24 urte genituenean kuadrillakoekin atera nintzen horietako batean orain arte lortutako marka onena egin nuela (1.20). Eta inolako zalantzarik gabe esan nuen: «Lehenengoa eta azkenekoa». Muturrera joan ginen lasterketa osoan, ez genuen batere gozatu. Ohartu nintzen ez zuela konpentsatzen horrek.
Ez da gauza bera 20 urterekin edo 60 urterekin korrika egitea, baina ez naiz sekula lehiakorra izan. Aspaldian ez dudala erlojuari begira korri egiten, gozatzea da helburu bakarra. Asko aldatu da Behobia, baina aitortu behar dut, urtero, Donostiako helmugara iristen naizenean hunkitzen naizela. Eta aurtengoa oso berezia izango da gainera, lehen aldiz bi semeekin [Iker eta Aritz] parte hartuko baitut, eta ilusio handia egiten dit. Batera joango gara gainera, orain arteko bereziena izango da.
Iganderako prest, beraz?
Bikiak ukituak ditut. Ilobarekin futbolean jokatzen aritu nintzen eta hurrengo egunean etorri zen sorpresa [barrez]. Gaurtik [joan den ostiralean elkarrizketatu zuen Hitza-k] ez dut ia entrenamendurik egingo, eta fisiora joango naiz. Ea nola nagoen igandean. Urteak pasa ahala zailagoa da fisikoa berreskuratzea, kirol oso agresiboa baita. Adibide bat. Igeri egitea ere pila bat maite dut. Duela bi urte San Pedrotik Donostiara igerian joan nintzen, ia bi orduko zeharkaldia egin nuen. Bukatu eta ondorengo sentsazioa ikaragarria izan zen, egin izan ez banu bezala sentitzen nintzen. Baina Behobia egitean hankek ez dute berdin erantzuten. Mentalki prestatu behar duzu horretarako, horretan nago ni ere. Duela 3-4 urte kilometroa bost minututan egiten nuen, eta orain bost eta erdira. Psikologora ez joateko asmo horretan jarraitu nahi dut, eta pixkanaka mugak non dauden ikasten joan behar duzu.
Kiroletik harago, zer eman dizu Behobiak hamarkada hauetan?
Gauza asko eman dizkit. Kritikoa naiz lasterketa kudeatzeko moduarekin, baina kariño berezia diot lasterketa honi, adiskideak egin eta esperientzia ikaragarriak bizi izan baititut. Esperientzia ikaragarria da, edonor animatuko nuke bizitzan behin egitera, merezi du.
Eta korri egiteak?
Askatasuna ematen dit. Oreka mentala, hori da niretzat korrika egitea. Pertsona oso urduria naiz, eta kirola beharrezkoa dut oreka horretarako. Berdin zait korrika aritu, igeri egin edo mendira joan. Funtsezkoa da niretzat ariketa fisikoa.
Nola prestatzen zara Behobiarako?
Ohiko entrenamenduekin alderatuta ez dut gauza askorik aldatzen, kilometro gehiago egiten ditut, baina saio espezifikorik ez. Urte osoan aktibo nago, eta ez gelditze horrek asko laguntzen du. Iraila hasieratik astean egun bat gehiagoz entrenatzen dut.
Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?
Osasunak baimena ematen didan arte jarraituko dut. Pandemiak estatistika hautsi zidan, baina nire asmoa zen 70 urterekin 50. Behobia egitea. Ezinezkoa izango denez, ea 71-72 urterekin 50. hori egiteko gai naizen. Gogoz banago eta fisikoak baimentzen badit, hori litzake nire ilusioa, baina ikusiko da. Lehen edizioan ez nuen uste bigarren bat egingo nuenik, pentsa. Ez nuke sekula pentsatuko hainbeste egingo nituenik. Gerora, kuadrillakoek parte hartzeari utzi ziotenean, nolabait obligatu ninduten jarraitzera, lasterketa ondorengo bazkaria egiteko norbaitek atera behar zuelako! Txantai emozionala egin zidaten. Txantxak alde batera, ia konturatu gabe urteroko ohitura bilakatu zen zorionez. Eta gaur arte.
Helmugaz gain, zein da lasterketaren une bereziena zuretzat?
Beti esan izan da Errenteria dela giro onena dagoen zatia, beti izan da erreferente horregatik. Jendetza biltzen da urtero, sarreratik bukaerara arte gainera. Irungo irteera ere oso berezia da, baina herrikoa izanik, herritik pasatzea ikaragarria da niretzat. Kataluniako lagun askok gauza bera esan didate, herriko giroa berezia dela. Eta bukaera ere ederra da, Ategorrietatik beherako zati horretan jendeak eramaten zaitu. Behobiak duen gauza bereziena zuek zarete, publikoa, zaleak. Eta hori gauza naturala izan da, bakarrik sortu da zaletasun eta giro hori.
Behobiaz gain, maratoiak ere egiten dituzu.
Seme zaharrenarekin [Iker] eta bere kuadrillarekin urtean behin Europako hiriburu batera joaten gara, bertako maratoian parte hartzera. Munich, Amsterdam, Atenas eta Sevillan izan gara azken urte hauetan. Datorren urtean Esloveniara goaz bederatzi bat lagun. Maratoia egiten dugu, fundamentuz, baina gero 3-4 egun pasatzen ditugu han, hiriaz gozatzen. Sari bat ere badira bidaia horiek.