[Elkarrizketa] “Patinak oso garrantzitsu bihurtu dira nire bizitzan”
Gaztea zela hasi zen patinatzen, baina hainbat urtez utzi zituen, eta 40 urterekin ekin zion berriro patinatzeari. Pasaitarrak onartu du irristatzeko gailuak ezinbestekoak direla bere egunerokoan, eta patinatzeko beharra duela.

Nondik datorkizu patinatzeko zaletasuna? Noiz hasi zinen?
Txikitan hasi nintzen patinatzen, zaletasunagatik. Baina hainbat urtez utzi ondoren, 40 urterekin ekin nion berriro patinatzeari. Hasieran, pixkanaka hasi nintzen ikastaro batzuen bidez, eta zaletasun hori ikaragarri hazi zen. Gaur egun patinatzeari eta entrenatzeari orduak eskaintzen dizkiot. Afizio txikia izatetik, patinak oso garrantzitsu bihurtu dira niretzako, patinatzeko beharra sentitzen dut, patinak beharrezkoak dira nire bizitzan.
Non entrenatzen duzu? Non prestatzen duzu Behobia-Donostia bezalako lasterketa bat?
Bera Bera Patin Eskolarekin nabil, eta Groseko Manteo kiroldegian entrenatzen gara. Horrez gain, Oiartzungo Makro saltokiaren inguruan ere leku bat dugu patinatzeko, eta bertara ere joaten gara entrenatzera. Beste leku batzuetara ere joaten gara, Adunara edo Saguesera adibidez, baina normalean bi gune horietan aritzen gara.
Zenbatgarren Behobia-Donostia izango da zuretzako?
Urte batzuk dira Behobia-Donostian parte hartzen dudala, eta igandekoa nire hamargarrena izango da, gutxi gorabehera. Ez naiz oso ona datekin [barre egin du]. Badakit lasterketa asko egin ditudala, baina ez dakit zehazki zenbat diren, kontuak bota beharko nituzke.
Iaz hemezortzigarren izan zinen sailkapen nagusian. Zein dira aurtengo lasterketarako jarri dituzun helburuak?
Lehenengo izatea gustatuko litzaidake [barre egin du], baina lehen postuetan sailkatzen banaiz, oso pozik egongo nintzateke. Dudan beste erronketako bat, gainera, aurreko urtean egin nuen denbora hobetzea da, eta ez badu euria egiten, uste dut iazko marka hobetuko dudala. Euriarekin egoera erabat aldatzen da, eta gure denboretan eragin handia izaten du.
Sasoi onean iritsi zara aurtengo lasterketara?
Bai, uste dut sasoi onean iritsi naizela, dezente entrenatu dut lasterketa prestatzeko. Prestatzaile bat dugu, eta bere laguntzarekin eta patinatzen dudan lagun eta taldekideekin orduak sartu ditugu lasterketa prestatzeko. Espero dut dena ondo joatea.
Zer da zuretzat Behobia-Donostia lasterketa? Zein oroitzapen etortzen zaizkizu burura?
Niretzako dagoen lasterketa garrantzitsuena da. Gogorragoak existitzen dira, baina Behobia-Donostiak oso izen ona izan du beti, eta etxeko lasterketa da. Behobia-Donostia bat egin eta lehen postuetan sailkatzea oso espeziala eta esanguratsua da niretzako.
Zer suposatzen du zuretzat lasterketan parte hartzeak?
Euskal Herrian dagoen lasterketa garrantzitsuena da, izen handiena duena baita, eta Behobia bat egitea bada zerbait, bertan parte hartzea garrantzitsua da niretzat.
Askok diote Behobia-Donostia lasterketa bat baino gehiago dela, dena ez dela soilik lehiara mugatzen. Zuk ere horrela pentsatzen duzu?
Bai, dudarik gabe. Lasterketaren egunean giro ederra sortzen da, jendeak ikaragarri animatzen du, jai giroan bizitzen da dena, eta hori oso hunkigarria da parte hartzaileentzat, asko eskertzen dugu. Oso ondo antolatutako lasterketa da. Nire ustez, aurka duen gauza bakarra da pixka bat garestia dela, dezente ordaindu behar baita parte hartzeko, baina lasterketaren inguruan gauza asko mugitzen dira.
Donostiarra zara izatez, baina Pasaian bizi zara. Behobia-Donostia zure bi herrietatik pasatzen da. Zer suposatzen du horrek?
Poz handia sortzen dit eta gustu onez hartzen dut Behobia-Donostia bertatik pasatzeak. Gure herrietan patinatzea eta lehiatzea oso espeziala da, emozio eta poz handiz bizi dut. Ez gara urrunera joan behar lehiatzeko, bertan dugu etxeko lasterketa, eta oso garrantzitsua da gainera.