Elkarrekin Podemos-IUk Irungo hirugarren anbulatorioa eskatu du
EAJren Via Irun 2030 proiektuaren aurrean, alderdi moreak Irungo hirugarren anbulatorioa aldarrikatu du, eta jeltzaleei "kerik ez saltzeko eta herritarren alde jartzeko" eskatu diete.
Irungo Elkarrekin Podemos-IU ziur da Irunek hirugarren anbulatorio bat behar duela, eta argi plazaratu ditu bere lehentasunak gaur goizean egindako agerraldian. Alderdi moreko kideek azaldu dute EAJk eta Gotzone Sagarduik, anbulatorio berri bat eraiki ordez, etorkizunean anbulatorio handiago bat eraiki nahi dutela, Irungo erdialdeko anbulatorioa kenduta.
Elkarrekin Podemos-IUk EAJren Via Irun 2030 proiektua baztertu du, esanez “aitzakia baino ez dela Gasteizko eta Eusko Jaurlaritzako txotxongiloaren itxura ez emateko”. “Sagardui andrearen bermea duen Irungo EAJren iragarpenak adierazten du osasun zerbitzuen kudeaketa negargarriak ohiko joera izaten jarraituko duela gure hiriarentzat eta Euskadirentzat”, gaineratu dute.
Alderdi moreko kideek baietsi dute ez dakitela nondik hartu Irun 2030 proiektua. Alde batetik, azaldu dute, profesionalekin, adituekin eta herritarrekin “modu diskretuan” elkartu direla, baina ondorio horiek ez dituztela ezagutzera eman. Horrez gain, Elkarrekin Podemos-IUko kideek zehaztu dute Sagardui udal gobernuarekin bildu dela erdialdean “balizko anbulatorio” bati buruz hitz egiteko, “inolako eperik edo tokirik aipatu gabe”: “Beharbada, beraien alderdian ere ez dute sinesten Irungo kideen proiektuan”.
Elkarrekin Podemos-IUren hitzetan “EAJrentzat aukera onena da duela hamarkada bat lagatako lurzorua alferrik galtzea eta orain garatzen hasi den proiektu batean zentratzea, Via Irun proiektuan”. Via Irun proiektuaren emaitzak ikusteko “gutxienez beste hamarkada bat itxoin beharko genukeela” nabarmendu dute kideek. Horren harira, Elkarrekin Podemos-IUk ulertzen du hauteskunde kanpaina gauzatzen ari direla, eta Via Irun 2030 EAJren kanpaina proiektua dela. Horren aurrean, “kerik ez saltzea, gaia hainbesteraino ez behartzea eta EAJ herritarren alde jartzea” eskatu diete jeltzaleei: “Via Irunek berekin dakarrena kontuan hartuta, suposatzen dugu ondorengo hauteskunde kanpainak Via Irun 2040, Via Irun 2050 eta horrelakoak izango direla”.
Irisgarritasuna zalantzan
Irundarren irisgarritasuna ere zalantzan jarri dute alderdi moretik; izan ere, ez dakite Oinaurre, Anaka, Belaskoenea eta Katea auzoetako bizilagunek “hori nahiagoko duten hurbileko anbulatorio bat izatea baino, profesional bakoitzeko ratio egokiak dituena”. “Agian ondo etorriko da geltoki intermodala; horrela, anbulatorio berrian eta handienean zerbitzurik ez badago, Donostiako Ospitalera bidaliko gaituzte eta zuzenean hartu ahalko dugu hiribururako trena”, gaineratu dute.
Elkarrekin Podemos-IUko kiden aburuz “iraingarria” da herritarrentzat gaur egun dituzten beharrak, gero eta “premiazkoagoak” direnak: “Iraingarria da herritarrei zerbitzuak hamar, hogei edo hogeita hamar urtera handituko dituztela esatea, konponbideak orain behar direnean eta ziurtasuna behar denean”. Horren aurrean, “errealitatera jaisteko eta proiektu faraonikorik ez saltzeko” eskatu diote EAJri.
80 milioi euroko zuzenketa
“EAJren egungo bidetik ibiltzeak, proiektu faraonikoak eta osasun-zerbitzuak desegitea tartekatuz, benetan gogorrak diren egoeretara eraman gaitzakeela” eutsi dute alderdi moreko kideek, “zerbitzu publikoak murriztu eta pribatizatzeko bidea herritarrentzat alferrikakoa” dela frogatu delako, ez baita “bidezkoa oinarrizko eskubideengatik ordaindu behar izatea”.
“Kearen aurrean” Elkarrekin Podemos-IUk “ekarpen eraikitzailea” egin nahi duela azaldu dute, Bidasoaldean eta Euskadin dauden “osasun arazoak konpontzeko”. Hori dela eta, Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzako aurrekontuei 80 milioi euroko zuzenketa egin die, Irungo hirugarren anbulatorioa, Durangaldeko Ospitalea eta Onkologikoa bultzatzeko “beharrezko inbertsioa” egiteko erabiliko dena.