Txomin Sagarzazu ez da EAJren hautagaia izango datozen hauteskundeetan
Datorren urteko maiatzean, izango dira udal hauteskundeak. Ordura arte "kemen eta ilusio berarekin" jarraituko duela ziurtatu du.
Atzo goizean iragarri zuen Txomin Sagarzazuk datorren maiatzean amaituko duela haren ibilbide politikoa. Datorren urteko maiatzeko udal hauteskundeetarako, beraz, EAJk hautagai berri bat izango du. Guztira 12 urte egin ditu Hondarribiko Udalean Sagarzazuk; lau urte Euskara eta Kultur zinegotzi gisa, eta zortzi alkate.
Agintaldi berriari begira alderdian lidergoa indarberritzeko unea dela azaldu du. “Beti pentsatu dut ardurak hartzearekin batera joan behar duela ardurak uztea”. Politikaren bidea uzteko arrazoi nagusia hori izan bada ere, arrazoi pertsonalek ere eragina izan dute erabakia hartzerako garaian. Lanbidea —irakaskuntza— eta zaletasunak berreskuratu, eta etxekoekin denbora gehiago igaro nahi du. Eskerrak eman dizkie Sagarzazuk herritarrei, alderdikideei, udal taldekideei, udal langileei, bai eta etxekoei ere “urte hauetan guztietan emandako babesarengatik”.
Sagarzazurentzat jardun “exigentea” izan da alkatetza, batez ere, indarrean den agintaldiaren hasieran “imajinatzera heldu ezin zitezkeen” gertaerak planteatu zaizkiolako. Hala nola pandemia, edota Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) bertan behera uztea. Haren egitekoan pandemiak “eragin handia” izan zuela adierazi du, eta erabakiak hartu behar izatea ez zela lan samurra izan zehaztu du. Bestalde, HAPOa bertan behera uzteak “mugak” ekarri dituela zehaztu du, eta horrek, besteak beste, Puntalea auzoan babestuta zeuden etxebizitzak, babes gabe geratzea eragin du. “Oso injustua izan zen zati batengatik plan osoa baliogabetzea”.
Dena dela, maiatzera bitarte “azken proiektuak biribiltzeko aukera” izango duela nabarmendu du. Horien artean nabarmendu ditu Hondarribia kalez kale hobetzen programa; San Telmo gazteluan bisitak eskaintzea; Hondartza kiroldegiaren lizitazioa egitea; San Lorenzo aintziraren inguruko proiektua; eta Presako etxebizitzak gauzatzea.
Maiatzera arte, ordea, “kemen eta ilusio berarekin” lanean jarraituko duela ziurtatu du, eta EAJk hautatzen duen alkategai berriari bere babesa eman eta laguntza eskainiko diola baieztatu.
EAJren zerrendaburua nor izango den jakiteko prozesua martxan da. Hilaren 16an egingo dute horri buruz gogoeta egiteko batzarra.