Udalak bat egin du 'Pauso berriak' programarekin
Adimen desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzen eta laneratzen laguntzen dien programa da.
Hondarribiko udala duela gutxi atxikitu zen Pauso berriak programara. Atzegik eta Gureak-ek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean sortutako programa da eta adimen desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzen eta laneratzen laguntzea du helburu.
Atxikipen horri esker, Peru Txintxurreta hondarribiarra udalean lanean hasi zen “duela zenbait aste” azaldu du Gotzone Larrarte zinegotziak. Hainbat departamenturekin lanean aritzen da, hala nola, euskara, ingurumen, artxibo eta administrazio arloetan. Hortaz gain, udal barruko posta banatzeaz eta dokumentuak digitalizatzeaz arduratzen da. Udaletxean laguntzeaz gain, Udal Liburutegian ere zenbait lan burutzen ditu.