Errugbian, 16 eta 18 urte azpikoen asteburua izango da
Senior taldeak atseden hartuko du eta 16 eta 18 urtekoek jardunaldiari eutsi beharko diote. Bestalde, bost bidasoar arituko dira Gipuzkoako selekzioarekin asteburu honetan ere.
Zaisa Txingudi errugbi taldeko seniorrek deskantsua dute asteburu honetan, azaroaren 27era arte, baina 16 eta 18 azpiko taldeak ez dira geldituko.
Mungiara joango dira 18 azpikoak, Danon Artean taldearekin arituko baitira 11:15etan. Lehian ariko diren taldea Arrasate, Eibar eta Mutrikuko errugbi taldeek osatzen dute eta jokatu dituzten hiru partidetatik bana irabazi, berdindu eta galdu dute.
Etxean jokatuko dute, berriz, 16 urtez azpiko neska mutilek, Bera Beraren kontra. Oraindik ez dute partidarik irabazi baina sentsazio onak dituztela baieztatu du taldeak.
Azkenik, Zaisa Txingudi taldea Gipuzkoako errugbi eskolen topaketa berrian egongo da, Lasarte-Orian. Txingudiren 12 eta 10 urte azpikoak joango dira eta Zarautz, Iruñea eta Eibarren aurka ariko dira.
Txingudiko jokalariak Gipuzkoako selekzioetan
Gipuzkoako selekzioak dei egin die klubeko jokalari gazteei. Beraz, 13 eta 14 urtetik beherakoek entrenamenduak izango dituzte Zarauzko Asti zelaian, larunbatean, 10:00etan. Deialdi honetan Irungo eta Hondarribiko gazte hauek egongo dira: Urtzi Arrieta, Mattin Petrikorena, Adrien Muñoz, Oier Oliveira eta Ekaitz Sánchez.
Bestetik, Gipuzkoako neska errugbilarien topaketa berri bat egingo da igandean, oraingoan Eibarko Unbe zelaian, 12:00etatik aurrera.