Arma Plaza Fundazioak hamar urte bete ditu
Hilaren 8an, egin zuten urteurren ekitaldia. Duela 10 urte Arma Plaza Fundazioa ofizialki sortu zen egun berean.

Arma Plaza Fundazioak 10 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia prestatu zuten. 2012ko azaroaren 8an sortu zen ofizialki. Hamar urte hauetan Hondarribiko ondarea ezagutarazten eta Mariñel itsasontziaren kudeaketan aritu da buru-belarri, eta horri esker hainbat eta hainbat proiektu gauzatu dira. Proiektuak herritarren eta gizartearen babes “sendoa” izan du, eta ondarea berreskuratzeko ezinbesteko pieza izan direla azaldu zuen Txomin Sagarzazu Arma Plaza Fundazioko lehendakariak ekitaldian “hainbat alorretan lagundu baitiguzue gure lanean”. Lehendakariaren hitzen ondoren egindako proiektu guztien irudi eta oroitzapenak gogorarazi zituzten bideo baten bidez. Horren ondoren, bertaratutakoek mokadutxo bat hartzeko aukera izan zuten.
Hamar urteetan egindako proiektuak:
- Marinel itsasontzia: Sustraia taldearen ekimenari esker materiala landu, itsasontzia mantendu, ahozko testigantzak bildu eta liburu bat argitaratu dute: Arrantzaleak, Constantino Virtorena.
- Guadalupeko gotorlekura bisita gidatuak: 100.000 lagun baina gehiago igaro dira bisita horietatik.
- Kanpaiak zaharberritzeko proiektua: kanpandorrea eraldatzea, konpontzea eta jartzea. Ekintza ugari egin ziren, hala nola, kanpai kontzertuak, bisita didatuak eta liburu baten argitalpena.
- Nazioartekotzeko proiektu anbiziotsua: bost urtez jaso zituzten gonbidatu internazionalak Hondarribian. Honako hiriek parte hartu zuten Ondareen Hondarribia foroan: Popayán (Kolonbia), Tsuroka (Japonia), Florianopolis (Brasil) eta Dakar (Senegal).
- Arma Plazan zein hiriko kaleetan egindako erakusketak: San pedro kaleari buruzko zein hirigune historikoko argazki zaharren erakusketa, kortxo kentzekoaren bilduma handia, Ugarte y Pages erakusketa, hatxeroei buruzko erakusketa edo Constantino Virtori egindako aintzatespena.
- Ezagutu zure hiria programa eta koadernoak: 30 hitzaldi eta hainbat bisita gidatu antolatu dituzte, hala nola Kaputxinoen komentua, pilota jokoa, zuhaitzak, padurak, Done jakue bidea, arrauna, Aste Santua…
- Ikastetxeetarako unitate eta gida didaktikoak: Lore Iriondoren ekimena izan zen. Marrazkien eta jolasen bidez herriko historia ezagutaraztea duten koadernoak dira.
- Made in Hondarribia: Bertako artisauenkin egindako proiektua da. 30 artisauk parte hartu zuten.
- Hiriarekin lotutako 13 argitalpen: arrakasta gehien izan duena Hondarribia ñabarduren hiria izan da.