Irungo historia kulturala, musikaren eta irudiaren bidez aurkeztuta
DJ Makalak eta VJ TXO!? ikus-entzuneko artistek soinu erakusketa bat osatu dute lankidetzan. Emaitza hilaren 20a arte bisita daiteke Oiasso Museoan.
Irungo Udaleko Kultura arloak sustatzen duen ‘SoinuLabor’ programaren azken emaitza aurkeztu dute gaur goizean Oiasso Erromatar Museoan: ‘Irun kultur remix’. DJ Makalak eta VJ TXO!? ikus-entzunezko artistek lankidetzan egin duten proiektua soinu erakusketa bat da, eta haren hariak irudiak eta Irungo kulturaren pertsonaia historikoetan inspiratutako soinua uztartzen ditu.
Erakusketa Oiasso Museoan egongo da ikusgai gaurtik hilaren 20a arte. Bisita ordutegiak honakoak dira: astearte, asteazken, ostegun eta igandetan, 10:00etatik 14:00etara; eta ostiral eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
DJ Makalak historia, esentzia eta arima musikaren eta irudiaren bidez nola moldatu daitezkeenaren ideiatik abiatu zuen proiektua. Irun erremixatzeko xedea duen iniziatibak hiriko kulturari lotutako sei pertsonaiaren biografien inguruko ikus-entzunezko proiekzio bat proposatzen du. Pertsonaia horiek Iñigo Muguruza, Maria Juncal Labandibar, Luis Mariano, Menchu Gal, Jose Maria Zabaltza eta Jorge Oteiza eta Itziar Carreño dira.
SoinuLabor proiektua
2016an sortua, SoinuLabor proiektuak elkarrekin harremanetan jartzen ditu artistak, musika taldeak eta herriko eragileak, komunean dauzkaten puntuak berrikuntzaren eta artearen bitartez azter ditzaten. Iniziatibaren helburua da musikaren ikuspegi tradizional eta klasikoenetik aldentzen diren esperientziak sustatzea. Horrez gain, egitasmoak ildo urratzaile eta berritzaileak aktibatzea du xede, esperientzien trukea eta legatu sakona lortzeko.
Proiektua, oro har, bost saiok osatzen dute, baina bere egitura malgua da, eta lan bakoitzaren behar zehatzei egokitzen da. Lehen saioan artistek eta eragileek elkar ezagutzen dute. Hurrengo hiruetan bi aldeen aldeko koordinazioa gauzatzen da, ‘laborategi’ izeneko fasean. Azken saioan, berriz, trukearen emaitza aurkezten da, formatu tradizional edo urratzaileagoetan hezurmamituta, kasuaren arabera.