Anaka berrurbanizatzen hasi dira
Atzo hasi ziren auzoa berrurbanizatzeko lanak. Faseka egingo dira eta, orotara, 20.000 metro karratuko azalerari eragingo diete.
Irungo Udalak jakinarazi du Anakako etxeen ingurua berrurbanizatzeko lehen faseko lanak hasi direla. Atzo eman zitzaien hasiera obrei, eta lehen fase horretan kutxatilak altxa eta antzeko lanak egingo dira. Proiektua 2020aren hasieran aurkeztu zitzaien auzotarrei, baina pandemiak eta haren ondorioek garatzea eragotzi dute orain arte.
Urte hasieran berriro heldu zion udalak proiektuari Anaka-Puianako auzo elkartearekin bilduta eta parte hartzeko prozesu bat abiarazita, proiektuari emango zaion orientazioa azaltzeko.
Obrek 6,8 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute, eta 20.000 metro karratuko azalerari eragiten dio: familia bakarreko etxebizitzen 133 partzela, 15 etxebizitza eraikin eta bi ekipamendu eraikin. Berrurbanizazioa fasetan egingo da, lanak eremuz joango baitira, inguru guztia osatu arte.
Obren deskribapena
Lehen faseko lanak atzo hasi ziren Florencio Iratxeta plazan, Fabiola erreginaren eta Isabel I.a erreginaren kaleetan eta azken bi kale horien artean dauden Gaskoi kalearen eta Eulalia infantaren kalearen zatietan. Lehen fase horretara 2,4 milioi euro bideratuko dira, eta exekuzio epea 14 hilabetekoa izatea aurreikusi dute.
Obra horiek galtzada eta espaloia maila berean utziko dituen plataforma bakarra marrazten dute, koloreka bereiziz. Auzotarrentzat eremu atseginagoak sortuko direla baietsi du udalak, espaloi zabalagoak eginez eta zuhaitz guztiak ordeztuz, hondatuta baitaude.
Azpiegiturei dagokionez, euri urak biltzeko saneamendu sarea berritu eta ur zikinak jasotzekoa bere horretan mantenduko da. Horrela, bi sareak bereizita egongo dira, ur mota bakoitza bere aldetik biltzeko. Energia elektrikoaren eta telefoniaren azpiegiturak berrituko dira, orain dauden aireko kableak lurperatzeko. Horrez gain, argiteria publikoa guztiz berrituko da, farol berriak jarrita, jasangarritasuna eta aurrezpen energetikoa irizpide gisa hartuta. Edateko ura eta gasa banatzeko azpiegiturak egoera onean daudenez, ez da lanik egingo alor horietan.
Egoteko gune gehiago
Lan horiekin egoteko hiru gune sortuko dira. Lehena, Anakatik auzora sartzeko eremua izango da, egun dagoen autobus geltokiaren eremuan, geltokia kendu gabe. Bigarrena, Florencio Iratxeta plazakoa da, biribilgune izatetik egoteko gune izatera pasatuko baita, kirola egiteko ekipamenduarekin eta itzalguneak sortuta, pergolen, bankuen eta lorategien bidez. Trafikoa beste kale batzuetara bideratuko da, eta plazak biribilgune izateari utziko dio.
Azkenik, Isabel I.a erregina kalean ezarriko da hirugarren espazioa, gaur egun aparkatzeko erabiltzen den eremu zabalenean. Bertan lorategian oinarritutako gune bat eraikiko da: berdegune bat erdialdean eta, haren inguruan, eserlekuak eta mahaiak zuhaitzen artean banatuta.