[Erreportajea] Erronka berriekin plazara
Oarsoaldea eta Bidasoa eskualdeetako bertsolaritza panoramaren errepasoa egin du HITZAk. Esku-artean zer duten eta aurrera begira zerri eutsi nahi dioten azaldu dute bateko eta besteko eragileek.
Oiartzun, «oro har», herri bertsozalea dela uste du Iraitz Mateo Gogorzak. Bertan erroturikoa da bera, eta une honetan kantuan ari ez bada ere, bertsotan ariturikoa eta bertsogintzan alea jarritakoa da hura. Azken horretan bai, buru-bihotz dabil gaur egun, herriko beste hainbatekin batera, Oiartzungo bertsolaritzari «buelta bat emateko» elkarte bat sortzeko saiakeran murgilduta.
«Bertsozalea» ez ezik, Oiartzun «herri bertsolaria» ere badela esan ohi du Mateok. «Bertsolari dezente atera izan dira herritik, gaur nahiko puntan dabiltzanak», azaldu du. Baina goi mailan ari direnez gain —ezin aipatu gabe utzi Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietako bigarren itzulira zuzenean sailkatu berri den Alaia Martin—, egunerokoan, eremu ez formaletan, errimak josten dabilenik topatzea ere ohikoa dela esan du oiartzuarrak. «Ez dakit kultura kontua den, edota eskolan asko landu izan dugulako, baina herriko jendea asko ibiltzen da bertsotan, batzuk parranda giroan edo, baina behintzat badago aritzeko gaitasun hori, eta zaletasuna ere bai».
Lehen hurbilpena, esan bezala, eskolan egiten dute oiartzuarrek. Bai Elizalde eta baita Haurtzaron ere, Lehen Hezkuntzan hasten da motibazio saioak eskaintzen Gipuzkoako Bertsozale Elkartea. Hortik eskolaz kanpoko jarduera gisa eskaintzen diete ikastetxeek bertsolaritzan hasteko aukera gaztetxoei.
Iniziatiba horrek, txiki-txikitatik, oiartzuarrei neurri eta errimen unibertsoan murgiltzeko aukera eskuetan uzten badie ere, gabezia zenbait badituela uste dute elkarte berriaren sorreran murgilduta daudenek. Hasteko, gazte bertsozaleen indarrak batu beharrean, ikastetxeka banatzen direlako; eta bestalde, LH 5etik DBH bukatu bitarteko eskaintza da aipaturikoa, baina horri jarraipenik emateko aukerarik ez dagoelako, gaur-gaurkoz, Oiartzunen.
Bizirik da bertso elkartea, baina ez du eskola formarik gaur egun. «Oraintxe dugun hutsune handiena da DBH eta gero ez dela existitzen eskola bat gazte horientzat». Eskailera horren hurrengo koska urrunegi dagoela aitortu du Mateok: «Hurrengo saltoa udalak, HELTArekin antolatzen dituen helduentzako tailerrak dira. Horien artean daude helduentzako bertso eskolak».
Martzelina Lopetegi
Kezka horiei erantzun eman ahal izateko, hain zuzen, dabiltza Oiartzungo bertsolari eta bertsozale belaunaldi ezberdinak Martzelina Lopetegi Bertsozale Elkartea sortu nahietan. Oraindik ez dute egitasmoa aurkeztu, eta ideia nahiz asmo «piloa» dituztela aitor egin du Mateok, baina argi dute DBH ondoren bertsotan jarraitu nahi duten oiartzuarrei espazio bat eskaini nahi dietela.
Izena, jakina, ez da ausazkoa. Oiartzungo Galtzarrena baserrian jaio zen Martzelina Lopetegi bertsolaria (1864 -1930), eta hark herriko ondareari egindako ekarpena aintzatesteko modu bat ere izan nahi du bilgune berriak. Lopetegik bere sorterrian «oihartzunik» izan ez duela esan du Mateok, eta Euskal Herrian bere bertsoetako bi soilik daudela formalki jasota. «Bere historia aditzera eman eta Oiartzungo bertsozaleen artean dagokion tokian kokatu nahi dugu».
Iraitz Mateo Gogorza. Martzelina Lopetegi Bertsozale Elkartea: «Oiartzungo bertsozaleen artean dagokion tokian kokatu nahi dugu [Martzelina Lopetegi]»
Elkartearen helburu nagusia bertso eskola bat sortzea ez bada ere, oiartzuarrak ez du alde batera utzi «erreferentzia izan dezakeen» bat eratu ahal izatea etorkizunean. Argi identifikatu duten gabezia transmisiorik eza da, eta horrek zaletasuna apaldu du azken garaiotan. «Geroz eta gutxiago gabiltza bertsotan, eta gainera, eskolatan banatzen baditugu haurrak, are eta zailagoa da bidea. Uste dugu elkartuta gehiago eta indartsuago izango liratekeela». Zentroekin bilerak hitzartuta dituzte dagoeneko, eta euren hausnarketen berri emango diete orduan arduradunei, elkarlanerako.
Labur azaldu du Mateok, gaur-gaurkoz, elkartea sortzeko duten bideorria —zirriborroa oraindik—: «Batetik, isildutako emakume bertsolari horiek aintzatetsi eta ezagutzera eman nahi ditugu»; eta bestetik, gazteak batzeko ahaleginak egin nahi dituzte: «Asmoa da bi ikastetxeetako haurrak elkartzea. Oreretan, adibidez, desberdin egiten dute hori; Xenpelar da herriko bertso eskola eta hori dute gazteek bilgune».
Xenpelar Bertso Eskola
Hala da. Eta hala azaldu du Xenpelar Bertso Eskolako zuzendarikide Arkaitz Oiartzabal Agirrek. Zuzendarikide ez ezik, bertsolaritza irakasle ere baden Aitzol Pikabea Ocioren izenean ere mintzatu da oreretarra. «Jakinda hori zaila dela, Orereta osora iristen saiatzen gara», azaldu du. Eta ahalegin horren barruko dira, hain zuzen ere, motibazio saioak: «Ikastetxe guztietan eskaintzen dugu saio bat LH 4 edo 5eko geletan, eskola ezagutu dezaten. Haiei ere, gerora, denetik eskaintzen saiatzen gara».
Ehun ikasle inguru ditu Xenpelarrek ikasturte honetan, hemezortzi taldetan banatuta —hamalau haurrenak eta lau helduenak—, eta munta handiko kopuruaren giltza ikastetxeetako tailer horietan egon litekeelakoan dago Oiartzabal. «Ikasle masa horrekin funtzionatzen ibiltzea ez da, soilik, gure meritua», mintzatu da, «baina uste dut metodo bat topatu dugula, seguru aski motibazio saio horiek eskaintzen dituztenak hemengo ikasle izan direlako lehen, eta badakitelako haurrei zer eskaini eta ikasturtean zer landu haientzat interesgarria izan dadin. Ez dugu nahi ordubete ematea boligrafo eta paper batekin arbelera begira».
Zentzu horretan, Errenteria-Oreretakoa oso bertso eskola «oreretarra» dela aitortu du zuzendarikideak, batez ere 18 urteak bitarte, adin horietan bertsolaritza jardun akademikoari oso atxikita baitago. Hortik aurrera, egia da «ikasle trasbase» bat badagoela herrien artean, Oiartzundik, kasu, eta adinak emandako autonomia horretatik ahalegintzen direla euren nahi edo beharren araberako eskaintza diseinatzen helduen saioetan izena eman nahi dutenenentzat.
«Ahalegintzen gara helduen taldeak helburuka banatzen, euren nahien arabera. Batzuk oso zentratuta daude, esate baterako, txapelketei begira prestatzen; beste batzuek plazan trebatu nahi dute; eta besteren batek lagunartean kantatzeko prest egon nahi du, baina plazan aritzeko inongo anbiziorik gabe». Badira, halaber, bat-batekoan trebatzeko taldeak edo idatzizkoan ahalegin berezia jartzen dutenak.
Aitor Errazkin Vicente. Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunea: «Arreta berezia jarria dugu pandemia osteko biziberritzean»
Errenteria-Oreretako bertsozaletasuna azken urteotan «formaldatzen» joan dela uste du Oiartzabalek. «Bertso eskola ezagutu nuenean 15 urte nituen. Orduan, kasik, norbanakoak joan behar zuen bertara. Orain, eskolatik ahalegin berezia egiten dugu, inoren bila joan gabe, ateak ahalik eta zabalenen erakusten, jendea errazago gertura dadin». Formakuntzarako izen emateek nabarmen gora egin badute ere, zaletasuna herrian beti egon dela uste du kideak, baina bertsoa bizitzeko modua, gizartearekin berarekin, desberdina dela orain.
Irunabar, bertsoaren bilgunea
Irunen bestelakoa da errealitatea. Aitor Errazkin Vicente konbentzituta dago aldaketa —hobera— eman dela azken hamarkadan bertsoarekiko atxikipenari dagokionez. Hori sustatzeko, hain zuzen, «bertso giroa biziberritzeko», sortu zuten 2007an Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunea, eta bertako kide da Errazkin bera. «Behintzat ditxosozko pandemia etorri arte esango nuke oso behetik gora egin dugula, eta erreferentziazko saioak antolatzera iritsi garela». Adibidea eman du: «Bat-batekoari dagokionez, esango nuke Kabigorriko Bertso Gauekin —hileko lehen ostegunetan egiten zituzten— goia jo genuela».
Txingudiko Bertso Eskola kudeatzeaz gain, «herrian eta herriarentzat eragitea» da irabazi asmorik gabeko elkartearen xedea. «Bidasoaldean, edo behintzat Irun, Hondarribia eta Hendaian, bertsogintzarekin lotutako edozein premia edo asmo duenak lasai jo dezake guregana», zabaldu ditu ateak Errazkinek.
Orain hezkuntza arautuan ez dira ari, ikastetxe guztiak bertsozale elkartearen proiektuarekin ari baitira lanean. Bertatik kanpo, Txingudiko zentroan, bost talde dituzte gaur egun: haurrena; bat-batean aritzeko bi talde; Jaitzubia Elkartekoa (Hondarribia), non bertsotan eskarmentua badutenak «aritzeko» elkartzen diren —«aritoki» izena eman dio Errazkinek—; eta, bukatzeko, bertso tailerra.
Azken horri buruz sakonago mintzatu da kidea. Bertan bertso ondarea lantzen dute, eta zenbait kantaldi antolatzeaz gain, 15. urteurrena prestatzen «txoro-txoro» ari direla esan du. «Orain arreta berezia jarria dugu pandemia osteko biziberritzean. Oso proposamen interesgarria dugu eta hemendik gutxira emango dugu horren berri», aurreratu du.
Oarso Bidasoko bertso etorkizuna
Bi eskualdeetan bertsolaritzaren etorkizuna zer-nolakoa izan daitekeen ezin asma daiteke, baina alorrean buru eta bihotz ari diren taldeen erronkei so eginda iragarri liteke aberastera egingo duela bertsogintzak eta, hala balitz, bertsozaletasunak, zeharka bada ere.
Oiartzundik, gazteak zaletu eta isilarazitako emakume bertsolariei ahotsa eman nahi diete.
Xenpelarrekoak izango dituzte bide horretan lagun; izan ere, epe laburreko erronka gisa ezarrita baitute emakumeez osaturiko bertso-talde bat osatzea; horrez gain, «trinkotzen jarraitzea» aipatu du Errazkinek, eta ahoan bilorik gabe gehitu du: «Gure helburua ez da sekula izan, bere horretan, bertsolariak ateratzea; ez gara bertsolari fabrika bat. Nahi duguna da euskarazko aisia bat irits dakiela haurrei, eta herri bat sortzea gertuago egongo dena ‘Orereta’ batetik ‘Errenteria’ batetik baino».
Arkaitz Oiartzabal Agirre. Xenpelar Bertso Eskola: «Ez gara bertsolari fabrika bat; nahi duguna da aisia euskaldun bat»
Bidasoan, bestalde, eskuartean duten bertso jarrien proiektua zaindu nahi dute, hilean behin bertso sorta bat kaleratzen baitute, eta bertatik «ondare berri polita» sortzen ari direla sinetsita daude. Horrez gain, joan den irailean, estreinakoz, Bertso Jartzaileen Lehen Topaketa egin zuten eta balorazio «erabat positiboa» egin dute. «Dagoeneko ari gara bigarrena antolatzen».
Erronka bi aipatu ditu Errazkinek: «Pandemia aurretik Irungo eragileekin genituen harremanak berreskuratzea eta, aldi berean, beste eskualdeekin genituen bertsozko loturak ere berrartzea». Bigarren helburua, plazara, bat-batekora, bueltatzea.