[Elkarrizketa] "Bertsolaria bat-batean ari da, gu bezala; oso azkar doa dena"
Hamabost urte inguru pasatu ditu errenteriarrak bertso epaile lanetan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ezkutuko lanarekin asko gozatzen du: «Epaile gisa ere asko bizitzen dut».
Lehenik eta behin, nola doa txapelketa, gozatzen ari al zara?
Ikaragarri gozatzen ari naiz. Txapelketa oso-oso ondo doa, nire ikuspuntutik behintzat primeran doa. Saio batzuk besteak baino gehiago lehertu dira edo emozio gehiago sortu dituzte. Baina kuriosoa egin zait, lehen fasetik, oso aurrean geratu ez diren bertsolari guztiek ere gauza politak egin dituztela. Batzuek gehiago asmatu dute, edo konstanteagoak izan dira asmatze horretan, baina hainbeste asmatu ez dutenek ere gauza ederrak egin dituzte. Oso interesgarria iruditzen zait hori. Gaur egun bertsolari gehienek, konstantziaz gain, momentu jakin batean goia jo eta emozioak sortzeko gaitasun ikaragarria dute.
Zein da zehazki epailearen lana?
Horretaz hitz egiten hasten garenean beti oso argi utzi behar da bertso bat epaitzea berez ez dela gauza logikoa, ez da gauza naturala bertso bat epaitu behar izatea. Beti artearekin konparatzen dut. Parisko Louvreko koadroak politenetik itsusienera ordenatzeak esan daiteke ez daukala zentzu handirik. Eta txapelketetan bertsoak sailkatzea onenetik txarrenera ere ez dakit oso naturala baden. Baina egia da txapelketa batek hori eskatzen duela, eta norbaitek sailkatu behar ditu bertso horiek, eta puntu batzuetara ekarri, esateko norbait bestea baino hobeto aritu dela. Hori horrela da, eta egin behar da, eta hala dela onartzen dugun momentutik norbaitek egin behar du, eta ahal duen hobekien gainera. Hobekien horretan uste dut inportantea dela kontuan edukitzea badagoela prestakuntza jarraitua, eta badagoela prozesu bat. Ez dela bat-batean egun batean eseri eta epaitu. Prozesu bat dago atzetik. 2017tik aurrera modu presentzialean prestakuntza hori egiteaz gain, plataforma batean ere aritu gara prestakuntza lanak egiten etxean. Bertsoak epaitu eta zenbaki batera ekartzeaz gain, gauza askotaz hitz egin dugu, modu espezifikoagoan ere: umorea, generoa bertsoan… Gai espezifikoagoak landu ditugu, horrek guztiak aberastu gaitu, eta ematen digu bertsoa modu objektiboago batean epaitzeko aukera. Uste dut nahiko klabea dela saiatzea ulertzen zertan dabiltzan bertsolariak eta zer ari diren bilatzen, eta hori nola baloratu eta nola puntutara ekarri da gure lana.
Nola eramaten da balorazio hori zenbakietara gero?
Irizpide batzuk daude, eta horietan ere eboluzio garrantzitsua egon da. Beti aipatzen da Joxerra Gartziaren doktoretza tesitik aurrera irizpideek ere beste salto bat eman zutela, 2001eko txapelketan orain arte erabili ditugun irizpideak ezarri ziren, oinarria. Geroztik moldaketa txiki batzuk egin dira, baina uste dut ordutik datorrela egungo oinarria. Eta irizpide horietan hitz egiten da gauza askotaz. Hitz egiten da bertsoa neurrian sartu behar dela, eta errimatu egin behar duela, noski. Baina oinek eta errimek ere eboluzio bat eduki dute. Hor irizpideak eta bertsolarien berrikuntza horiek poliki-poliki eguneratzen joan behar gara. Zenbakietara eramateko hizkuntzaren zuzentasuna ere neurtzen dugu, eta doinua eta esaten duzuna batera etorri behar direla ere begiratzen dugu. Erritmoaz ere hitz egiten da, baita denboraz ere. Ez da berdina bakarka ari zarenean hiru bertso kantatzen, edo esaterako, ofizio batean ari zarenean. Gauza horiek guztiak irizpideetan jasota daude, eta kontuan eduki behar dira bertso horri zenbaki bat jartzerako orduan. Bertsoa bat-bateko komunikazio ekintza bat da, eta sentimenduren bat sortu behar du. Hor zerbait egon behar du, ez da bakarrik errimatu eta erritmoan sartu. Horrekin ez da nahikoa, hori baino gehixeago proposatu behar du bertsolariak puntuazio ona lortu ahal izateko.
Ez dago atzera bueltarik orduan.
Gogoeta hori garrantzitsua da. Bertsolaria bat-batean ari da baina baita gu ere. Ez dago atzera bueltarik. Idazkariari zure orria pasatzen diozunean, idazkariak pasatzen du hori bere datu basera eta ez dago atzera bueltarik, eta horrela behar duela izan uste dut. Askotan egiten dugu barre epaileen artean, ea futbolean bezala hasi behar ote dugun hemen ere VAR sistema erabiltzen [barrez]. Baina hori txapelketa batean eta bat-batekotasunean ez da posible. Oso azkar doa dena. Ofizio batean, esaterako, oso azkar doaz bertsoak, bertsolariak oso azkar hasten dira kantari eta bigarrenak oso azkar erantzuten dio. Bertso bat entzuten duzu, puntuazio bat ematen diozu eta ezin duzu ataskatu bertso horretan. Puntua jarri behar diozu eta pasa. Guk ez dugu bertso bakoitza puntuatu eta pasatzen. Adibidez, zortziko nagusiko bertso guztiak epaitu eta horiek bukatzean zortziko nagusiko puntuazio osoa egiten dugu. Ezin zara bertso batean gelditu. Asmatu behar duzu lehenengoan, baina izan daiteke ere ez asmatzea. Sentsazio arraroarekin geratzen garenean gorako edo beherako tarte bat ematen diogu, gutxiago ala gehixeago izan zitekeelako. Bukaeran hori biribiltzen dugu. Baina hor oso argi eduki behar duzu ematen duzun puntuazioa badoala eta ezin dugula egin atzera bueltarik. Bertsolariak ezin duen bezala tematu aurreko bertsoetan esandakoarekin, gurea berdina da. Eta epaileen artean ezberdintasun handiak egon badira, hurrengo prestakuntza saioetan zorrotz aztertzen dugu hori: zer pasa den, zergatik izan den aldaketa hori, gu ere nahastu gaitezkeelako. Ez dugulako bertsoa ulertu akaso, edo bertsolariak botatako ideia ez dugulako ongi harrapatu, adibidez. Hori gerta daiteke, horregatik gara hainbeste epaile, hori konpentsatzen joan gaitezke horrela.
Inoiz eman al duzu hamarreko puntuazioa?
Hamarrik ez, baina 9,5ak eman ditut. Kuriosoa da, hamarrari beti diogu halako errespetua. Ez dakit zergatik, ez nuke jakingo esplikatzen zergatik den. Hamar bat emateak esan nahi du bertsoa perfektua dela, eta gero beste norbaitek hobea kantatzen badu, zer egiten duzu? Uste dut gurea ez dela hainbeste esatea bertso hau hamarrekoa da eta beste hau zazpikoa. Faseka epaitzen dugu. Hor saiatu behar gara saio batetik bestera markatzen muga leku berean. Bertsolarien artean diferentziak markatzea da, eta esatea «hau hobeto aritu da, eta hau okerrago», ezberdintasun horiek aztertu behar ditugu. Lege horregatik, eskola arteko txapelketako bertso batek ezingo luke sekula hamar bat jaso. Ez da logikoa pentsatzea eskolarteko txapelketa batean Euskal Herriko txapelketako finaleko mailako bertsoak entzungo direnik. Baina eskolarteko bertso batek lor dezake hamar bat bere testuinguruan. Diferentziak markatzea da giltzarria, saiatzea mantentzen langa berdina saioz saio, mailatik harago.
Sentsazioz betetako saioak izaten dira txapelketakoak. Zuek baduzue horretarako tarterik?
Dena puntutara ekarri nahian zabiltzanean, ez nuke esango emozio horiek desagertzen direnik, baina bai arindu egiten dira. Batzuetan gertatzen zaigu: bertso bat kantatu du bertsolariak eta publikoaren izugarrizko txalo zaparrada entzuten duzu. Hartu dituzun apunteekin eta notekin nolabait leundu egiten da hori. Emozioak sortzen dira, noski, baina akaso bai pixka bat leuntzen dituela gure lanak. Baina hainbeste asmatzen ez duten bertso horiek leuntzen diren bezalaxe. Uste dut boligrafo eta paperarekin egoteak eta apunteak hartzen egoteak leuntzen duela, bai goitik eta baita ere behetik. Ikaragarrizko bertso bati esaten diozu «bai baina», eta hain ongi joan ez den bertso bati ere esaten diozu, «bai, baina…». Baditu gauza politak ere.
Zale edo epaile bezala, ezberdin ikusten dira txapelketak, beraz.
Bai, zalantzarik gabe. Elizaldeko azken bertso bazkarian izan nintzen, horrelakoetan bai deskonektatzen dudala epaile txipaz. Baina txapelketan bai zaudela adi uneoro. Zein oin erabiltzen diren, poto egin duen edo ez, ahozkotasuna egokia izan den… Txapelketan bai nagoela txip horrekin. Gero beste epaile batzuekin kointziditzen dudanean komentatzen dugu ikusitakoa eta entzundakoa, ohitura hori badugu. Aspalditik honetan gabiltzanoi zaila egiten zaigu txip hori kentzea.
Epaile izateko, aurretik bertsolaria izatea garrantzitsua da?
Nik uste dut asko laguntzen duela horrek. Ez naiz ausartzen bertsolari naizela esatera. Bertso eskolako helduen tailerretan aritzen naiz, eta tarteka zerbait kantatzen dut. Uste dut horrek laguntzen duela, ulertzeko zertan ari den bertsolaria, zer lortu duen, eta oso logikoa ez den gauza bat egiten duenean zergatik egin duen. Ataka berdinean sentitu bazara, errazagoa da ulertzea, hori ziur. Horrek ematen dizu gaitasuna ulertzeko zer ari den pasatzen saio horretan. Enpatia horretarako baliagarria da. Eta alderantziz ere. Ikusten duzunean bertsolari batek zein ongi egin duen, esaten duzu, «kontxo, ni hirurehun aldiz saiatuta ere ez naiz kapaza horrelako ideiak ekarri eta horrela tolesteko». Atzetik dagoen zailtasun hori ulertzeko balio du esperientziak, baloratzeko primeran dator.
Hamarkada hauetan asko aldatu da bertsolaritza. Kalitate jauzia eman dela uste duzu?
Hor beti dago eztabaida. Jende askok pentsatuko du garai bateko bertsoak gaur egungoak baino hobeak direla. Bertsoa bizitzeko modu diferenteak daude. Batzuei nabarmen gehiago gustatzen zaie bertso klasikoagoa, betiko bertsolaria, baina asko dira bertsokera poetikoago bat edo metaforikoagoa maite dutenak. Beste batek esango du hori ez dela benetako bertsoa, bertsoa garai batean egiten zena dela. Bertsoa bizitzeko eta gozatzeko modu asko daude. Bertsokera guztiek dute zerbait berezia. Ez dago zuri-beltzik mundu honetan, grisez betetako gama oso bat dago. Eta ederra da hori.