"Zubirako aurreikuspenak gainditu dira"
Azaroaren 1eko zubian, %95era bete dira Irungo eta Hondarribiko hotelak. Bidasoa Bizirikek balorazio positiboa egin du.
Bidasoa Bizirik garapen agentziak azaroaren 1eko zubiaren balorazio positiboa egin du. Izan ere, hotelak %95era bete dira urriaren 28tik azaroaren 1era. Okupazioak, beraz, zubirako zituzten aurreikuspen “onenak” ere gainditu dituela azaldu du Maria Serrano, Bidasoa Bizirikeko lehendakariordeak. “Hotelentzat zein ostalarientzat oso zubi positiboa izan da. Gainera, eguraldiak asko lagundu du”. Hala ere, okupazioa ona izan den arren, prezioak, irailekoekin alderatuta, baxuagoak izan direla nabarmendu du Irungo Alcazar Hoteleko Luis Miguel Arbizuk.
Hotel eta ostalaritzako datuez gain, Irun eta Hondarribiko Turismo bulegoek ere datu onak bildu dituzte. 500 bisitari baino gehiago gerturatu dira eskualdeari buruzko informazioa jasotzera. Bisitarien jatorriari dagokienez, Euskal bisitari asko gerturatu dira Bidasoko eskualdera zubiaz gozatzera. Hortaz gain, Madrildik, Aragoitik, Kataluniatik edo Frantziatik etorritako bisitari asko ere erregistratu dituzte.