'Merida. Theatrum Mundi' erakusketa, urtarrilaren 8ra arte ikusgai
Jasotako kritika positiboen ondorioz, Oiasso Museoan dagoen Extremadurako aztarnategiaren inguruko bilduma luzatu dute.
Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du Merida. Theatrum Mundi erakusketa urtarrilaren 8ra arte egongo dela ikusgai Oiasso Erromatar Museoan. Bilduma horrek Extremadurako aztarnategiaren irudi argitaragabeak, plano historikoak eta bestelako dokumentuak biltzen ditu. Erakusketa hori uztailean inauguratu zen, eta asmoa urri hasierara arte mantentzekoa bazen ere, epe hori luzatuko dela azaldu du udalak.
Irekia egon den denboran, 1.900 bisitari inguru jaso ditu erakusketak, eta askok eta askok “laudatu” dutela azaldu dute. “Iruzkin positibo horien ondorioz, hurrengo urtera arte mantentzea erabaki dugu”, baietsi dute museoko ordezkariek.
Erakusketa doakoa da, eta museoaren ordutegiaren barruan bisita daiteke: asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara, eta ostiral eta larunbatetan, baita 16:00etatik 19:00etara ere.
Liburu baten aurkezpena
Erakusketaz gain, hilaren 9an, asteazkena, 19:00etan, Oiasso Museoan, Maria Intxaustegi itsasontzien historialari eta urpeko arkeologoak ‘Anclas líticas en el País Vasco. Catálogo de anclas líticas recuperadas en la costa guipuzcoana’ liburua aurkeztuko du. INSUB Urpeko Ikerketarako Kultur Elkarteak 1975etik 2015era bitartean Gipuzkoako kostan aurkitutako harrizko aingurei buruzko bilduma bat da liburua. Sarrera doakoa da.