Azpikontratazioen aurka mobilizatu dira CAFen
Lanpostuak desagertzen ari direla salatu du CAFek, azpikontratazioengatik. Paraleloki doan politikak behar direla defendatu du enpresa batzordeak.
CAF enpresako enpresa batzordeak atzo ekintza sindikal bat egin zuten Irungo lantegian. Azpikontratatutako bi enpresen kamioei ez zieten sartzen utzi, salatzeko ustekabeko eta aurreikusitako lan asko, langile gehiagoren beharra sortzen dutenak, azpikontratazioen bidez konpontzen duela enpresak.
Esku lan zuzeneko eta ingeniaritzako lanpostuak desagertzen ari direla diote. Kanpoko beste enpresei eskatzen dizkiote lan horiek egiteko eta zalantzan jarri dute lan jarduera horien kalitatea. “Ez dute beharrezko barne kalitaterik eta konponketak egin behar izaten dira. Horrek dakarren gastu ekonomiko eta nahaste guztiekin”.
Zuzendaritzak azpikontratazio maila kontratazioekin lotuta dagoela adierazi izan dietela azaldu du enpresa batzordeak, baina hori ez dela betetzen berretsi dute. Esate baterako, bekadunak, lanpostu finkoetan sortzen diren ordezkapenak gauzatzeko erabiltzen dituztela deitoratu du enpresa batzordeak, langile ebentualak kontratatu ordez. “Lan kargei aurre egiteko ere, praktiketako ikasleez baliatzen dira”.
Egun, filialen eta gainerako azpikontratek hamaika ordu egiten dituztela lan diote eta eredu jarri dute CAFeko ordenagailuak lan ordutegitik kanpo uzten dituztela piztuta, Indiatik konekta daitezen. Lan hori CAFeko langileek egin behar luketela defendatu dute.
Paraleloki doan politikak behar direla argi azaldu du Gaizka Etxaide enpresa batzordeko lehendakariak. Politika horiek eskatzeko ekintza sindikal hori errepikatuko dutela aurreratu dute eta horretarako Irungo langileen inplikazioa galdegin dute. “Politika hau baita Irunen egiten genituen eta guk egiten jarrai dezakegun hainbat eta hainbat zeregin desagertzearen arduradun nagusia”.
Enpresa batzordeak bilera bat eskatu dio zuzendaritzari azpikontraten gaia jorra dezaten.
#CAF|eko Zuzendaritza bultzatzen ari den azpikontratazio basati honen aurrean, Irungo Enpresa Batzordeko kideok ekintza sindikalarekin erantzun nahi izan diogu. #CAF #irun #ekintzasindikala #enpresabatzordea @LABsindikatua @LAB_INDUSTRIA @LABoarsobidasoa pic.twitter.com/5bmGS4KbYc
— LAB – CAF (@labcaf) November 2, 2022