Jaurlaritzaren 600.000 euro Urdanibia jauregia "txukuntzeko"
Jauregia bera, errota eta burdinola egokitzeko da diru partida hori, hiriko EAJko kideek adierazi dutenez.
Irungo EAJk eman du berria. Eusko Jaurlaritzak 600.000 euroko diru ekarpena egingo du Urdanibia jauregia “txukuntzeko”. Jauregia bera, eta bertako errota nahiz burdinola biziberritzeko balioko du diru partida horrek. Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailak bideratu du laguntza, eta 2023ko Jaurlaritzaren aurrekontuetan dago egikaritua partida.
Jaurlaritzak lagapenean emango dio udalari jauregia, aurrez hitzartutako lankidetza egitasmoaren arabera. Hura biziberritzeko finantzazioaren zati bat da Jaurlaritzak emandakoa, eta 600.000 euro horiek udalak egin beharreko inbertsioa arinduko duela adierazi du hiriko EAJk. “Oso berri ona da, Irunek eta irundarrek ondare hau aurreikusi baino baldintza hobeetan jaso ahal izateko eta, horrela, iragarritakoa baino askoz lehenago gozatu ahal izateko”.
EAJk konpromisoa hartu du “sektoreko eragile guztiekin, erakundeekin, baita herritarrekin ere” elkarlanean jarraitzeko “gure hiriaz gehiago eta hobeto gozatu ahal izateko”.