Musikaren industrian emakumeen tokiaz, Amua In Edit Hondarribia jaialdiaren aurrekoan
Azaroko lau ostegunetan, Kultur Etxean, musikan emakumeen presentzia bultzatzen duten lau ikus-entzunezko proiektatuko dituzte.
Amua In Edit Hondarribia Film Laburren Zinemaldia abenduaren 8tik 11ra izango da aurten. Hori berotze aldera, azaroan, hainbat proiekzio egingo dituzte Denda kaleko Kultur Etxean, den-denak doan (135 tokiak bete arte). Jatorrizko bertsioan (azpitituluekin) jendarteratuko dituzte lanak, eta gai zehatz baten gainekoak izango dira: emakumeen presentzia musikaren industrian.
Amua Kultur Elkarteak eta Hondarribiko Udalak antolatu dituzte elkarlanean emanaldiok, baita abenduko Zinemaldia ere. Hondarribikoa, egitasmo zabalago baten zati da. Izan ere, In Edit jaialdiak Bartzelonan, Madrilen, Europako hainbat hiritan nahiz Hego Amerikako beste hainbatetan egiten dira.
Lau musika dokumental izango dira azaroko lau ostegunetan proiektatuko direnak, guztiak 19:30ean hasita. “Urte askotan zehar, gizonak izan dira nagusi musikaren industrian. Emakume artista, ekoizle, konpositore eta banatzaileen ekarpena debaluatua izan da beti, eta askotan, hauek garatutako lana itzalean ezkuturik gelditu izan ohi da, bigarren plano batean”, esan dute antolatzaileek. Hori iraultzeko, “eta musika industriako emakume askok beren gizonezko lankideen errekonozimendu bera lortzeko borrokatu behar izan dutelako” egikaritu dute dokumentalen zikloa.
Honakoak dira Kultur Etxeak jasoko dituen ikus-entzunezkoak (deialdi bakoitzaren azpian promozioko trailerra dago).
- Azaroaren 3an. Mathangi, Maya, MIA. Steve Loveridge, 2018. Erresuma Batua-AEB. 96 minutukoa.
- Azaroaren 10ean. Sisters With Transistors. Lisa Rovner, 2020. Erresuma Batua. 82 minutukoa.
- Azaroaren 17an. Underplayed. Stacey Lee, 2020. AEB. 88 minutukoa.
- Azaroaren 24an. Amazing Grace. Alan Elliot, Sydney Pollac, 2018. AEB. 87 minutukoa.