Garbikuntza zerbitzuaren kontratuaren luzapena urtebete luzatzea onartu da
Agenda 2030aren ekintza planak ere aurrera egin zuen. Ez ordea Akartegi Guraso elkarteak eskatutako mozioak.
Ia sei ordu iraun zituen atzo gauzatu zen osoko bilkurak. Aurreikusi bezala luze joan zen bilkura, izan ere, gai garrantzitsuak baitzituzten eztabaidatzeko. Bilkuraren hasieran gainera, eguneko puntuan zeuden 17 aztergaiei beste sei gehitu zitzaizkien.
Lehen puntuan Akartegi Guraso Elkarteko kideen udal eraikinetako garbiketa zerbitzuko langileen grebari buruzko mozioa eztabaidatu zuten. Elkarteko kide batek hartu zuen hitza:
Udal eraikinetako garbiketa udalari dagokiola eta hortaz, ardura hori bere gain hartu behar duela azaldu zuten. “Gure ustez hiru erpineko arazoa da”. Horrek esan nahi du udalaren, enpresaren eta langileen artean konpondu beharreko arazoa dela. Jaurlaritzak emandako aginduaren inguruan, berriz, Guraso elkarteak “partxe bat” dela iritzi du, eta ikasle zein irakasleen osasunerako hobekuntza bat bada ere, erabakiak arazoa osoki konponduko ez duela esanez. Udalari bitartekari moduan pausuak eman ditzala eskatu zioten. Udalak bere aldetik orain arteko jarrera berbera hartu bazuen ere, alkateak, enpresarekin eta garbitzaileekin batera bilera bat egiteko harremanetan jarri direla aipatu zuen.
Abotsanitz, PSE-EE eta Bildu udalaren bitartekaritzaren aldeko agertu ziren. Abotsanitzek gainera, 2008an garbitzaileen lan hitzarmena sinatu zutenean udalaren jarrera eredugarria izan zela azaldu zuen, baina oraingoa “perfilez” jarri dela. Hori dela eta, ordukoa gogoraraziz berdin jokatu dezaten eskatu zioten. Mozioa EAJren aurkako bozkarekin eta Abotsanitzen, PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko bozkarekin onartu gabe geratu zen.
Akartegi Guraso Elkartearen mozioaren ondoren udalak proposatutako garbikuntza zerbitzuaren kontratuaren luzapena eztabaidatu zen. Udalak bi hilabete lehenago eraman du osoko bilkurara luzapena, ziurgabetasun egoera saihesteko eta arazo administratiboa ekiditeko. Abotsanitzek, PSE-EEk eta EH Bilduk luzapenaren aurka egin zuten, oraindik elkarrizketa prozesuan jarraitzeko denbora badagoela iritzita. Abotsanitz taldeko bozeramaileak gainera, botu pertsonala eskatu zuen, baina honakoa ez zen onartua izan. Igor Enparanek bi hilabete hitzarmen batera heltzeko denbora badela eta beraz abenduaren amaieran eman beharreko pausua dela esan zuen. “Erabaki honekin Gobernu Taldeak erabakia erabat baldintzatzen du erabaki honekin”. Oposizioak ahalegin guztiak egin arren kontratuaren luzapena onartu egin zen.
Beste puntu garrantzitsu bat Agenda 2030aren Ekintza Plana izan zen. Plan honek bost helburu jasotzen zituen:
- Ingurunearen zaintza eta hiri osasuntsurako garapen iraunkorra bultzatzea
- Pertsonen oinarrizko beharrak eta ongizatea bermatzen dituen hiri lagunkoia sustatzea
- Herritarren heziketan laguntzen duen eta parte hartzea zein bizikidetza bultzatzen duen kultura hiri berritzailea
- Ekonomia eredu iraunkor eta lehiakorra ezartzea
- Natur baliabideen kontsumo eta erabilera arduratsuaren alde egitea
PSE-EE izan zen hitza hartzen lehena. Ekintza planean deskribatzen diren ekintzak “oso orokorrak” direla adierazi zuen Alma Fernandezek, “ez dute azaltzen nola gauzatuko diren”. Hori horrela, garapen handiagoa behar dutela iritzita dokumentu propioa aurkeztu zuten. Abotsanitzen ustez ere “haratago” joan behar da. Proiektuak, halaber, galdera ugari sorrarazi zizkien. “Zertarako Agenda 2030 ez badiogu edukirik ematen, zertarako Agenda 2030 bete gabeko plan batzuk ditugunean, Zertarako Agenda 2030 ez baditugu proiektuak gauzatzeko bideak ematen…”. Hori dela eta bi alderdiek kontra bozkatu zuten. EH Bilduk, ordea, abstentziora jo zuen. Izan ere, “hutsune batzuk ikusten baditugu ere, planean jasota dagoenagatik baino, jasota ez dagoenarengatik, gure indarrak neurtu behar ditugu”.
Hortaz gain, Hondarribiko Pilota Eskolari xisterak erosteko 11.100 euro ematea eta hiru ikastetxeei eskola kirolerako kamisetak erosteko, bakoitzari, 3.000 euro ematea onartu zuten aho batez.
Mozioei dagokienez bi onartu ziren. Alde batetik Abotsanitzen eragin linguistikoaren ebaluazioa arautzeko eskatu zuen proposamena EAJren, EH Bilduren eta Abotsanitzen botoekin onartu zen. PSE-EE abstenitu egin zen.
Azkenik, Abotsanitzen, PSE-EEren eta EH Bilduk elkarrekin aurkeztu zuten proposamena onartu zen. Puntaleako 5. Etxadiko etxeei buruzkoa ere aho batez onartu zen. Proposamenak, udalak babesik gabe geratu diren etxe horiek kontserbatzeko beharrezkoak diren kudeaketak egitea jasotzen zuen.