[Erreportajea] Ipuinak deseraikiz, eraikitzen
‘Txanogorritxo’ ipuina «aitzaki» hartuta gizarteko problematikak lantzen ari dira Zuloaga Etxea liburutegian. Horrelako egitasmoekin herritarrak kultur azpiegitura beste modu batean erabiltzera animatu nahi dituzte.
Ipuinak, tradizionalki, herrixken inguruan atzematen zituzten arriskuak azaleratzeko sortutako istorioak ziren. Normalean sutondoan ahoz kontatzen ziren eta denentzako, hau da, herrixka osoko familientzako istorioak izaten ziren, eta ez soilik umeentzako. Horiek eraldatzen eta eboluzionatzen joan dira historian zehar. Kontakizun krudelak izaten ziren hasieran, beldurrezkoak gehienetan. Era horretan protagonisten akatsez ikasten eta horiek saihesten tematzen ziren. Geroago, arlo krudel hori leundu eta bertsio atseginagoak sortu ziren. XIX. mendean, esaterako, Grim anaiak izan ziren idazle aipagarrienetakoak. Horrela, ahoz kontatzen ziren istorioak paperean betikotuta gelditu ziren. Ipuinak, hortaz, eraldatzen joan diren altxor txikiak direla esan daiteke.
Hain zuzen, altxor hitzarekin deskribatu zuen Kote Guevara liburuzainak Hondarribiko Liburutegian aurkitutakoa. Inbentarioa egiten ari zirela, Txanogorritxo ipuinaren inguruko material asko zutela ohartu ziren. Ipuin klasikoaren adaptazioak, marrazkiak, bideoak… Denek ala denek Txanogorritxoren eta bertako pertsonaien oso bertsio ezberdinak zituzten. Zentzu horretan, eskuen artean zerbait berezia zutela jabetu, eta herritarrei nolabait erakutsi egin behar zietela pentsatu zuten. Hari hartatik tiraka sortu zen Txanogorritxo egitasmoa.
Irailean jarri zuten martxan proiektua. Horrek esan nahi du bi hilabetez aritu direla hitzaldi, tailer, film eta bestelako jarduerak egiten, eta abendura bitarte, bere horretan jarraituko dute, ekintza horien guztien protagonista Txanogorritxo izango delarik. Ipuina deseraiki eta bertako zenbait elementu landuko dituzte, gazte zein helduekin: Txanogorritxo bera, amona, eta basoa. Hautatutako elementu bakoitzarekin hilabeteko lanketa egingo dute.
Ez da horrelako egitasmo bat antolatzen duten lehen aldia. 2018an Frankensteinekin egin zuten, hain zuzen, eleberriaren idazlearen, Mary Shelleyren, urtebetetzea aitzaki hartuta. Egitasmo berriak izan zuen arrakasta ikusita, hurrengo urtean Moby Dick eleberriarekin errepikatu zuten esperientzia. Aurten, ordea, ipuinaren txanda da.
Liburutegia dinamizatzeko eta jendea erakartzeko «aitzakia» da, eta aldi berean, liburutegiaren alde kreatiboenari eta irudimentsuenari eutsi nahi dio, jarduera ezberdinak eta interesgarriak eskainiz. Liburutegiek aspaldi utzi zioten «liburuak soilik» biltzeko leku izateari. Jendea elkartzeko eta ondo pasatzeko gunea ez ezik, euren babesleku bilakatzea da bertako liburuzainen desira.
Irailean ipuinaren jatorria izan zuten ardatz, eta gaur egun ipuina bera egungo gizartean nola kokatzen den aztertu zuten. Itsaso Gutierrezek haren gradu bukaerako lanaren gaineko hitzaldia eskaini zuen [alboan elkarrizketa], eta collage tailer baten bidez gaztetxoen irudimena landu eta ipuinaren interpretazio ezberdinak egin zituzten.
Hilaren 1ean, Helduen Eguna zela probestuz, amonaren irudia eta helduen begirada lantzea erabaki zuten. Hil hasieran helduen eta liburutegien arteko harremana izan zuten hizketagai Arantza Mariskal eta Eztibalitz Albizuk gidatu zuten mahai-inguruari esker. Aurrerago, berriz, Aiton amonak gazteekin deituriko tailer berezia egingo dute. Txanogorritxo aitzaki hartuta, elkarrizketa bat sortzea izango da helburua.
Azken urteetan batik bat, «oso mundu indibidualistan» bizi garela iritzi du Guevarak. «Bakoitza bere aldetik gabiltza, denak pantailetan sartuta». Ondorioz, harremanak gero eta urriagoak direla, ez direla lehen bezain estuak. Egoeraz jabetuta, harreman horiek estutzeko sortutako jarduera da, bai eta gazteak ohartarazteko mundua ikusteko ikuspuntu bat baino gehiago dagoela. Helduen errealitatea bezala, gazteena ere asko aldatu baita azken urteetan. Interneti eta teknologia berriei esker liburuak, pelikulak eta beste materialak kontsumitzerako orduan, gazteek eskaintza izugarria dute eskura: «Lehen denek gutxi gorabehera berdina ikusten genuen, orain eguneratuta egotea oso zaila da». Horregatik, bada, garrantzitsua iruditu zaie belaunaldien arteko harremanean eragitea.
Egitasmoa erronka bat izaten ari da, baina pozik daude liburuzainak
Lanketarekin jarraituz, azaroan, feminismoari helduko diote. Azken urteetan batez ere, Hondarribiko Zuloaga Etxea liburutegian genero ikuspegiari garrantzi handia eman diotela azaldu du liburuzainak, «duela gutxira arte ez zaiolako kasu handirik egin». Martxoaren 8rako programazio indartsua prestatzen dute, eta kasu honetan, Txanogorritxoren ipuinek ere gaia jorratzeko aukera eman die. Hil honetan, esaterako, neskatoaren txano gorria ere izango dute hizketagai. Txanoaren inguruan tesi doktoralak existitzen direla aipatu du Guevarak: «Hilekoarekin edo haur izatetik nerabezarora igarotzeko transizioarekin lotu dute askok». Hori dela eta, Ara! Gorputz elkartearekin hilekoari buruzko hitzaldi-tailerra eskainiko dute. Bestalde, azaroaren 25ean emakumeen aurkako indarkeriaren eguna denez, «otsoei» kontra egiteko autodefentsa tailerra antolatu dute, Kisoku klubean.
Liburutegien helburuetako bat bertako kultura babestea eta bultzatzea da. Abenduan, beraz, basoa landuko dute, ondarea eta inguruko altxorrak babesteko helburuarekin. Jaizkibel mendia oso modu didaktikoan ezagutaraziko dute Maier Gereka eta Izaskun Cenozek emango duten hitzaldiarekin. Ondoren, ikasitakoa irteera baten bidez ikusi ahal izango dute. Guevararentzat garrantzi berezia du horrek. Izan ere, zerbait zaindu ahal izateko aldez aurretik ezagutu egin behar dela uste du: «Egun Iphone modelo denak dakizkigu, baina ez ditugu zuhaitzen izenak edo beren funtzioak ezagutzen. Horrela egiten dira gero egiten diren astakeriak».
«Ipuinetan agertzen diren estereotipoei aurre egin behar diegu»
Irailaren 15ean ‘Txanogorritxo zaharra versus berria’ hitzaldia eskaini zuen Hondarribiko liburutegian. Txanogorritxoren ipuina feminismoaren ikuspegitik landu zuen Gutierrezek gradu bukaerako lanean.
Zer da zehazki ikertu zenuena?
Lan hau planteatu nuenean, ipuin klasiko bat oinarri hartuta, ipuin berrietan emakumearen presentzia, rola eta jokatzeko modua nola aldatzen ziren ikertu nahi izan nuen. Hau da, bertsio berrietan emakumearen inguruko balore positiboak aztertzea, eta horietan pentsamendu kritikoagoa sortzen zen aztertu nahi nuen.
Orain dakizuna jakinda, nola deskribatuko zenuke ipuina? Beste begi batzuekin ikusten duzu?
Lana egiten hasi nintzenetik ikusten dut desberdin. Hasieran ez nekien ipuina neskak abisatzeko erabiltzen zenik, basoan zehar haien kabuz ez ibiltzeko. Mutilei ez zitzaien aipatu ere egiten, eta neskaren errua zen norbaitek bortxatzen bazituen. Honen harira, tristea da esatea egun ere berdina gertatzen dela. Ehiztariaren edo salbatzailearen papera ere ez dut begi onez ikusten. Otsoa da erruduna, baina ez da harengan jartzen fokua, Txanogorritxorengan baizik. Maliziarik gabeko ipuina dirudi, baina ez da horrela. Beti ere kontuan izan behar dugu garaiko testuingurura egokitzen dela ipuinaren bertsio tradizionala.
Ikertu duzun guztitik, zer mezurekin gustatuko litzaizuke geratzea jendea?
Benetan sinestea egiten ari garen honetan. Sinestea gauzak aldatzeko gai garela. Ipuinetan agertzen diren estereotipoei aurre egin behar diegula, baita rol obsesio horri eta bortizkeriaren justifikazioari ere. Egia da ume zein gazteek ipuin klasikoak irakurtzen jarraitu behar dutela, baina zentzu kritikoa eta komuna erabiliz. Umeen eskubidea da bertsio ezberdinak ezagutzea. Bestalde, ipuinetan ikusten duguna ez errepikatzea lortu behar dugu: istorioak umorearekin kontatu, genero rolak apurtu eta berdintasuna lortu behar dira. Niretzat argi dago haurrak feminismoan hezi behar ditugula, pertsona aske eta errespetuzkoak sortzeko.
Txanogorritxoren ipuinaren bertsio asko daude, asko landu den ipuina baita. Haur eta nerabeek bertsio bat edo beste irakurri, horrek eragina izan dezake, ezta?
Kontaketak funtsezkoak dira gure identitatearen eraikuntzan. Libre eta zoriontsu izan behar gara. Gure patuaren inguruan erabakiak hartzeko gai garela ulertuz hezten bagara, genero berdintasunean eremu handia izango dugu irabazita. Haurrei ezin dizkiegu ipuin klasikoak kendu, ezta helduoi gustatzen ez zaizkigun bertsio berriak ere. Nire ustez denak ezagutzea beharrezkoa da. Begirada kritikoa izan behar dugu transmititu nahi dugunarekin, eta ondorioz, ipuinekin ere bai. Haurrek ipuinetatik ikasten dutena normaltzat hartuko dutelako, eta egungo gizartera egokitzen badira, bizi dutena errealagoa eta ohikoagoa egingo zaie.
Zeintzuk dira egungo otsoak?
Nire ustez neskok beldur diegun gizon horiek dira otsoak. Kalean egunez zein gauez etxeraino jarraitzen gaituztenak, tabernetan bakean uzten ez gaituztenak, edota ezetza ulertzen ez dutenak. Lan handia dago oraindik egiteke.