Manifestazioa datorren asteartean, 'mugak apurtu, zubiak eraiki' lelopean
Bi zutabe aterako dira, bata Ficobatik eta bestea Hendaiako tren geltokitik, 18:30ean. Zubietako batean egingo dute topo.
Ipar Euskal Herriko LAB Sindikatuak bultzatutako bi zutabe izango dituen manifestazioaren berri eman dute gaur Antxeta irratian. Azaroaren 1ean egingo da eta kontrol polizial eta arrazista ilegalak salatzea du helburu, mugak apurtu, zubiak eraiki lelopean.
Zutabeetako bat Ficobatik aterako da eta bestea Hendaiako tren geltokitik; biak ala biak 18:30ean. Bi hiriak banatzen dituen zubietako batean elkartuko direla aurreratu dute.
Dei honekin bat egin dute Bizi!, Attac, La Cimade, Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, SOS Arrazakeria, EHUN mugimendua eta Ongi Etorri Errefuxiatuakek. Horrez gain, Hendaiako CGT sindikatua eta Euskal Herriko Berdeak eta EH Baik ere bat egin dute.
Eñaut Aramendi LABeko ordezkariarekin hitz egin du Antxetak eta kontrol horiek oso ilegalak direla adierazi du. Europara bidean 2021etik 5.683 migratzaile hil direla oroitu du eta horietatik 9 Irun eta Donibane Lohizune artean.
Agintariei zuzendu zaie Aramendi eta Bidasoaren bi aldeetan militaten eta herri eragileen lana txalogarria dela dio, eta sarean lan eginez migrante askoren bizitzak salbatu diren arren, “herri mugimendu antolatuaren lana ez da aterabidea” azaldu du. Agintariek dute ordezkariaren arabera horren ardura, eta zehatzago esan du, Frantziako Estatua estutzearen ardura.
Hurrengo asteko mobilizazioa hurrengo hilabeteetarako borrokaren abiapuntua izango dela dio Aramendik. Datozen sei hilabeteetan aurrera begira egin beharrekoa ongi aztertu behar dela uste du, eta horretarako, kontuan izan behar dela kolektibo guztiek bat egin izana.
Mobilizazio honetan parte har dezaten eskatu die LABek agintariei. Migrante bat ibaian hil deneko salaketa elkarretaratzeetan parte hartzeaz haratago, agintariek gehiago egin dezaketela uste dute antolatzaileek Antxetak jaso duenez.