Kreditu aldaketa, udal zerbitzuak hobetzeko
1.494.883,00 euro gehitu dizkiote aurrekontuari, Gabonetarako ekintzetarako edota erdiguneko haurtxoko berrirako.
Kredituetan moldaketak egin dituztela jakinarazi du Irungo Udaleko Ogasun arloak. Orain izaten ari den osoko bilkuran emango dute haien berri.
Aldaketa hauen helburua zerbitzu publikoak sortzea eta indartzea dela adierazi du Miguel Angel Paez, Ogasun zinegotziak. Ezinbestekoak direla irundarrentzat udal langile eta zerbitzu horiek nabarmendu du, eta adibide moduan jarri ditu udal kiroldegiak, garraio publikoko deskontuak, haurtxoko berri bat eta etxebizitza sozial gehiago.
Zehazki, 1.494.883,00 euro handitu dute aurrekontua. Beste lerro bat litzateke 145.156,00 euroko hazkundea, Lanbideren dirulaguntza bati esker izan da hau. Kreditu transferentzia bat ere egin dute, 9.801,23 eurokoa.
Xehetasunetara jota, 1.494.883,00 euro hiriko behar ezberdinetarako erabiliko dituzte, baita udal zerbitzuak hobetzeko. Erabilera zehatzak ere aipatu ditu Paezek, hala nola, 393.000 euro Gabonetako ekintzetarako, “hiria erakargarriago” egiteko; tutoretzapeko etxebizitza eskuratzeko esklusio-arriskuan dauden pertsonentzat, 320.000 euro; Azken Portu eta Artaleku udal-kiroldegiak kudeatzeko eta ustiatzeko kontratuaren diru-bilketara, 250.000 euro; garraio publikoko txartelaren prezioa % 50 murrizteko udalaren ekarpenerako 181.150 euro; erdiguneko haurtxoko berrirako, 52.180 euro; lana sustatzeko Lanbide tokiko ekintzetarako 145.156 euroko esleipena egin dute Lanbideren diru laguntzari esker.

