[Elkarrizketa] Labore Oarso: "Eliteentzako denda garen uste faltsua deuseztu nahi dugu"
Labore Oarsok webgune berria jarri du martxan, ‘laborezainen’ komunikazio tresna izan dadin. Elikagai Eskegiak-en edo merkatu azterketen berri eman nahi dute, beste hainbat proiekturen artean.
Webgunea berritu duzue. Prozesua ez da egun batetik besterakoa izan, ez da itxuraldaketa soila izan, eta komunitatearentzat erreminta bezala erabili nahi duzuela aipatu duzue. Zertarako?
Itsaso Larretxea: Euskarri bat behar genuela ikusten genuen, non bilduko genituen Laboreri buruzko informazioak, egiten diren lanketak, eta abar. Duela bost urte hasi ginenetik, beste kanal batzuk erabili genituen: sare sozialak, barne komunikazioko buletinak…
Komunikazio modu horiek, ez badituzu momentuan harrapatzen, joan egiten dira. Webgunearekin bilatzen dugu erreferentziazko toki bat, bazkide direnek eta ez direnek informazio hori jaso dezaten.
Biltzen gara laborezainak, ekoizleak, komunitateko eragileak, azpibatzordeak… Labore Oarsoren ekosistema pieza askok osatzen dute. Indarra jarri dugu ekoizleak ezagutarazteko, ez dadila izan bakarrik hona etorri, produktua ikusi eta hura eramatea. Horien atzean dauden bizi-proiektuak erakutsi nahi ditugu; atala edukiko dute webgunean.
Bost urte daramazue lanean. Hasieratik zenuten argi horrelako webgune bat behar zenutela?
Larretxea: Behar ezberdinak egon dira, eta lehentasunak beste batzuk izan dira. Pandemia egon da tartean, eta hor erabat irauli ziren lehentasunak. Hasierako helburuak lortuta, orain bai gaudela jauzi kualitatibo bat emateko moduan. Webgunea hor kokatzen da.
Joana Mendiburu: Ez da kasualitatea orain egitea. Bost urteetako lehentasunak izan dira ahalik eta bazkide gehien egin, ahalik eta ekoizle gehien bertakoak izatea… Hori ez da goiz batean egiten den zerbait. Gaur egun sentitzen dugu sendo gaudela, bagarela nor, badugula zer erakutsi, eta erreferentzialtasun bat lortzen ari gara elikadura burujabetzaren esparruan.
«Webgunearekin bilatzen duguna da erreferentzialtasun bat»
Lehen ere bagenuen zer kontatu, baina lehentasuna ematen genion egiteari. Ez da kasualitatea, gainera, Elikagai Eskegiak edota produktu taldeak merkatu ikerketa egin izana, eta orain hori dena komunikatzeko beharra izatea.
Hainbat jarduera komunikatzeko beharra duzuela esan duzue, produktu taldearenak, adibidez. Zer dira?
Larretxea: Produktu taldeak bi lanketa egin zituen. Alde batetik, daukagun eskaintza ikertu zuen, hobekuntzak planteatzeko, joan garelako eskaintza zabalduz, bazkideek eskatu ahala eta ekoizleek eskaini ahala. Aztertu behar izan dugu ea produktu guztiek gure irizpideekin bat egiten duten.
Ikertu diren aldagaietako bat izan da nutrizionala, eta nutriscore propio bat sortu dugu. Beste bat, ekoizpen moldearena. Agroekologia da gure aukera. Orain mundu guztia da green eta ekologikoa, baina guk argi dugu zeren alde egiten dugun: gertukotasuna, bizi baldintza duinak… Lehengaien jatorriari ere garrantzia ematen diogu, baita ontziratze motari ere. Ditugun 2.000 produktuetatik, hamabostek ez dituzte betetzen hemen egoteko irizpideak, eta neurriak hartu ditugu.
Zein kasutan?
Larretxea: Himalaiako gatza da adibiderik argiena. Hango lan baldintzak ez dira duinak, urrutitik dator, nutrizionalki hurbilagoko gatzen antzekoa da… Ez da bakarrik kentzea, hezkuntza lan bat egitea da baizik. Kontua ez da produktu hori beste toki batean erostea, baizik eta ez duela zentzurik erosteak.
Beste produktu batzuetan, osasun irizpideak hartu dira kontuan. Gehienbat azukre gehiegi duten produktuak dira, eta ordeztu egin dira, ekoizleekin hitz eginda, ea errezeta alda zezaketen planteatuz. Badago hartu-eman bat beraiekin, ez dela produktu bat kendu eta kito. Horrez gain, prezioen azterketa egin dugu…
Zeintzuk dira hor ateratako ondorioak?
Larretxea: Uste bat zabalduta dago gizartean Labore Oarso dela eroste ahalmen konkretu bat duten pertsonentzakoa. Oiartzunen —tamalez— azalera handiko saltokiez inguratuta gaude, eta horietara joan ginen.
Konparaketa egin genuen, bertakoak diren produktu ekologikoen artean, guk saltzen ditugunak eta haiek saltzen dituztenak alderatuta.
Oinarrizko produktuak dira, erosketa saski batean beharrezkoak direnak. Ondorioa argia izan da: gure produktuak %20-30 merkeago dira. Kontua da azalera horietan beti daudela produktu-amuak, eskaintzak… Horrez gain, estrategia erasokorragoak erabiltzen dituzte, eta esne-ekoizleak nola estutzen dituzten ikusten dugu.
Gainera, ez da gauza bera Oiartzunen bertan Elikak modu agroekologikoan ekoitzi duen letxuga bat erostea, edo Andaluziatik ekartzen duten bat. Ogiarekin, antzeko. 80 zentimo balio duen barra bat eros dezakezu, baina egunero egin behar duzu, hurrengo egunean ezin delako jan. Elitistentzako denda garen uste faltsu hori oso zabalduta dago, eta hori deuseztatu nahi dugu.
Mendiburu: Egia da, erosketa merke bat egitera bazoaz, azalera handietan baduzula, baina baita garestia ere. Hemen daukazuna da produktu duina; merke-merkea ez dago, baina bai kalitatezkoa. Oinarri batetik abiatzen gara, prezioari dagokionez, kalitatearen aldetik altuagoa delako.
Irabazi asmorik ez edukitzeak, eta bazkide-kuotaren bidez komunitate bat osatzeak, ematen digu prezioak oso ajustatuak izateko aukera. Duinak dira ekoizlearentzat, hala behar duelako eta sinetsita gaudelako. Badakigu prezioak ez direla merke-merkeak, ez dugu hori aldarrikatuko, baina kalitatezko produktu bat bilatzen baduzu, ez dago gurea baino merkeagorik.
Konplize Taldea izenekoa duzue. Zein da bere funtzioa?
Mendiburu: Konplize Taldea komunitateko kideen artean elkartasuna eta ongizatea bilatzen duen azpibatzordea da. Hileko lehen ostiraletan elkartzen gara, eta ideiak bilatzen ditugu. Urte hasieran, adibidez, Amalur Sariak sortu genituen. Elikadura burujabetzan lanean aritu diren emakumeak omendu nahi genituen, martxoan izan zelako, eta Oreretako merkatura egunero joaten ziren emakumeak omendu genituen.
Elikagai Eskegiak izeneko iniziatiba jarriko duzue martxan, bihartik hasita. Zertan datza? Nondik dator?
Mendiburu: Bazkideen artean elkartasun ariketa bat sustatu nahi dugu. Napolitik dator ideia Elikagai Eskegien ideia. Italiako hiriko Caffè Sospeso (Kafe eskegia, italieraz) kontzeptuaren antzeko zerbait egin nahi izan dugu. Nahi duenak kafe bat hartu eta bi ordaintzen ditu, datorren hurrengo batek, beharra baldin badu, ordain ez dezan.
Bizitza asko garestitu dela ezin dugu ukatu, eta elkar laguntzeko tresna bat eduki dezakegu 1.175 bazkideok. Badakigu gure bazkideak ez direla gosez hilko, badakigu beraien saskia beteko dutela, baina ikusi dugu jendeak aukeratu egiten duela zer erosi Laboren eta zer ez. Pentsatzen dugu batzuek prezioarengatik egiten dutela hautu hori. Gure artean egongo dira familiak ekonomikoki hain lasai ez dabiltzanak.
«Eligaiak Eskegiak elkartasun ariketa izango da»
Elkartasun ariketa eskatu nahi genien gure bazkideei. Ulertzen dugu Labore Oarsori egiten zaizkion ekarpenak izan daitezkeela ekonomikoak (denok egiten dugu kuotaren bitartez), ideiak emanez, denbora eskainiz, auzolanetan…
Elikagai Eskegietan parte hartu nahi duenak, bere erosketa eginda, beste zerbait erosten du, eta pegatina bat jarriko diogu.
Ordainduta dagoen produktu hori identifikatuko dugu, eta bere apalera bueltatuko dugu; ez dugu aparteko toki batean utziko. Beharretan sentitzen den familia horrek hartzen du produktu bat, inori azalpenik eman gabe.
Borondatezkoa izango da, eta konfiantzan oinarritutakoa. Gaur jasotzen dudan bezala, bihar nik utz dezakedalako, edo alderantziz. Badakigu bizitzan gorabeherak egoten direla, eta ez duzu beti emango, edo beti jasoko.
Bihartik aurrera, epe mugagabean.
Mendiburu: Jarraipena egingo diogu, ikusiko dugu zer pasatzen den. Inguruan, behintzat, ez dugu halako esperientziarik ezagutzen. Beraz, ez dakigu zein erantzun izango duen bazkideen artean, baina ez zaigu gehiegi axola.
Bost lagun laguntzen baditugu, bost lagunduko ditugu. Hogeita hamar badira, hogeita hamar. Eta hilabete batean ez badu inork produktu ordaindurik uzten, bada ez du utziko. Irekita dagoen iniziatiba bat izango da, eta egokitzapenak behar baditu, proposatuko ditugu.
Diruarekin dugun harreman horretan agian hausnarketa bat ekar dezake. Egitasmoa azaltzean, jendeak gehiago azaldu dit kezka ea norbaitek hartuko duen, ea besteren batek utziko duen baino. Zergatik ez? Akaso, hasieran ez, baina hartzera animatzen denean, hurrengoan errazago hartuko du, eta beharra duen beste bat anima dezake hartzera.
Ez da kontrolik egongo, konfiantza dago. Parte hartzen dutenek produktu bat gehiegi uzten dutela ikusten badugu, agian saiatuko gara bideratzen. Bideak esango digu.
1.175 bazkide ditu Laborek. Goia jo du ala zabaltzeko aukera du oraindik?
Mendiburu: Urte batzuk behar izan ditugu egonkortzeko, eta tartean pandemiako urteak egon dira. Batzordeetatik proposamen berriak etorri dira, eta irteera eman behar zaie horiei. Proiektu berriak ditugu esku artean, bidea hasi besterik ez da egin.
Larretxea: Labore ez zen denda soil bat izateko sortu. Helburu askoz ere handinahiagoak ditugu, baina ez duzu lortzen kontsumo eredua iraultzea 1.175 bazkiderekin bakarrik.
Horretarako, aliantzak ehundu behar dituzue.
Larretxea: Beste ate batzuk jo beharko ditugu baita ere. Konfirmatu ahala, joango gara horren berri ematen. Oraindik gauza asko ditugu gizarteari emateko. Lana sortzeko helburuarekin sortu zen Labore, eta lehen sektoreari bultzada emateko. Eskaria sortu behar da, eskaintza areagotzeko.
Guk badugu trakzio lan bat; eskaria igotzea lortzen badugu, produkzio handiagoa beharko da, eta horretarako, lur gehiago. Nekazari gazteak erakarri behar dira, belaunaldien arteko transmisioa sustatu nahi dugu… Badago lana.