«Bizitza etapak dira, eta hau dagoeneko amaitu da»
Duela urte eta erdi hartu zuen erretiroa, baina hil honen bukaerara arte lanean arituko da. Izan duen bizitzarekin oso kontent badago ere, harategia behin betiko ixteko ordua dela erabaki du.
Urte asko igaro dituzu hemen lanean.
Bai. Nire aita ere harakina zen. 1956an etxe hauek eraiki zituztenean zabaldu zuen aitak harategia. Gaztea nintzenean, eskolatik atera eta lagunekin jolastera joaten ginen. Harategiaren inguruan aritzen ginen beti, baloiarekin jolasean edo Bentan kuadrillarekin. Neguan hotza egiten zuenean hona etortzen ginen. Harategia gure haurtzaindegia zen. Ondoren, pixka bat handitu nintzenean, labana hartu, bi txorakeri egin, eta 15 urterekin hasi nintzen lanean. Mutikoak ginenean adin horrekin hasten ginen lanean; batzuk itsasora, besteak haragitegira… Urte hauetan guztietan oso pozik egon naiz hemen.
Orain, ordea, behin betiko itxiko duzu harategia. Pena ematen dizu?
Egia esan nahiko erraz mentalizatu naiz. Bizitza etapak dira, eta hau dagoeneko amaitu da. Nire bezeroak ni baino tristeago daude. Lehengoan emakume batek esan zidan 25 urte zituenetik etortzen zela harategira. Orain 77 urte ditu. Pentsa! Nik 15 nituen lehenengoz etortzen hasi zenean. Oso bezero leialak ditut, betikoak. Lehenik aitarenak zirenak eta ondoren nirekin jarraitu dutenak. Beraiengatik ematen dit pena gehien.
Harategia kalitate onarengatik izan da ezaguna.
Beti. Nire aitaren garaian askotan joaten ginen Elizondo aldera eguna pasatzera. Aitak txekor batzuk ikusi behar zituela esaten zigun, eta bide batez eguna pasatzera joaten ginen. Beratik Elizondora bitarteko haragia ekartzen genuen. Ni, ordea, Donostiara joaten naiz, astelehenero. Txekorrak osorik aukeratzen ditut eta hemen zatitzen ditugu [lankidearekin]. Txistorrak, saltxitxak, tripakiak… guk geuk egiten ditugu, artisauek bezala.
Zer da gehien gustatzen zaizuna hemen lan egitetik?
Oso berritsua naiz, eta bezeroak betidanik ezagutzen ditudanez, jendearekin hitz egitea eta aurrez aurreko tratu hori da gehien gustatzen zaidana. Aste bukaeraz, oporretan non egon diren, eta horrelakoetaz hitz egiten dugu. Batzuk tabernara joaten dira berriketan aritzera, guk hori hemen egiten dugu. Era horretan, lan eguna askoz ere eramangarriagoa da.
Zer botako duzu faltan gehien?
Harategia gure elkartze puntua da. Duela gutxi nire koinatuak galdetu zidan: «Orain negua datorrela euriarekin, hotzarekin eta haizearekin. Non bildu behar gara?». 18:30ak aldera etortzen da, noizean behin, eta tertulian aritzen gara nik nire gauzak egiten ditudan bitartean. Konturatzerako 20:00ak izaten dira, eta etxera joaten da afaltzera. Iloba ere askotan etortzen da eta galdera bera egin zidan. «Lasai», erantzun nion, kalean egongo garela. Elkarte bat bezala da hau. Hemen batzen gara denak. Eta hori da hemendik aurrera faltan botako dudana.
Harategia ixtean zer egingo duzu?
Lehendabizi osasuna zaintzen jarraituko dut, eta gero ikusiko da. Baina argi dudana da uda Hondarribian igaroko dugula [emaztearekin]. Udan lan karga oso handia izaten da eta zaila izaten zen planak egitea. Hemendik aurrera, ordea, udaz gozatuko dut.